Gizartea

Bizkaian prostituzioaren bezeroek ez daukate profil zehatzik

Askabide elkartearen txosten baten arabera, Bizkaiko prostituzioaren bezero gehienak 30 eta 40 urtekoak dira, nahiz eta ez izan "profil sozio-demografiko zehatzik".

2008ko urriaren 22a
18:12
Entzun
Prostituten bezeroek ez dute "profil zehatzik". Hala dio prostitutekin lan egiten duen Askabide elkarteak egindako galdeketak. Orain arte langileak sentsibilizatzeko kanpainak egin dituzten arren, inkesta horretan bezeroak dira helburu. Inkestaren lagina 373 prostitutek eta 92 bezerok osatzen dute. Galdekatutako bezeroen kopurua hain txikia izatearen arrazoia euren burua bezero bezala ez agertzea dela diote Askabidekoek.

Elkarteak dioenez, prostituten bezeroen gehiengoa 30 urtetik 40 urte bitarteko gizonak dira. Prostituten ustez, euren zerbitzuak eskatzeko gizonen arrazoi nagusia "berea ez den beste emakume batekin" sexua edukitzea da. Bezeroek, ordea, "konpromisorik gabeko sexu harremanak bilatzen" dituzte. "Bezeroaren profil sozio-demografikoak ez du zehazten prostituziora jotzearen arrazoia".

Bezeroek preserbatiboa jarri nahi ez izatea da prostituten arazorik nagusiena, Askabideren arabera. Prostituten %80 inguruk aitortu dute noizbait eskatu diotela sexu-harremanak babesik gabe edukitzea. Aitzitik, bezeroen oso kopuru txiki batek onartu du kondoirik ez erabiltzea. Prostitutek duten beste arazo bat, ikerketaren esanetan, drogena da. "Bezeroen erdiak eskaintzen die droga kontsumitzea", dio Askabidek. Gainera, txostenaren prostituten %20k jasan behar izan dituzte irainak eta %3k erasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.