Egunkaria auzia

Bizkaiko Abokatuen Elkarteak jardunaldia antolatu du 'Egunkaria auzia'-z, "oso kezkatuta" dagoelako

"Zuzenbideak porrot egin du eta epaiketa erabat injustua izango den zantzuak daude", esan du Txema Monterok. Eztabaida eta hausnarketa egingo dituzte etzi.

2008ko ekainaren 3a
15:33
Entzun
Bizkaiko Abokatuen Elkartea "oso kezkatuta" dago Egunkaria auzia-z, "Zuzenbideak porrot egin duelako eta epaiketa erabat injustua izango den zantzuak daudelako". Hala adierazi du gaur Txema Montero elkarteko abokatuak, eta etzi jardunaldia egingo dutela iragarri du.

"Osagai kezkagarri batzuk" aztertzeko eztabaida eta hausnarketa egingo dituzte Bizkaiko abokatuek, Bilbon. Ondorioak ere aterako dituzte. "Defentsak oso kontuan hartuko ditu ondorio horiek", Monterok uste duenez.

Espainiako Fiskaltzak auzia nagusia artxibatzeko eskatu zuen, deliturik ez zuela ikusten argudiatuta, eta, hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak kasuarekin segitzea erabaki zuela azpimarratu du Monterok. AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek aurkeztutako frogak poliziaren txostenetan oinarrituta daudela ere esan du. "Egunkari bat bost urtean itxita daukate behin-behinean, eta hori astakeria da edozein tokitatik begiratuta ere, behin betiko ixtea gauza bera baita".

Jardunaldietan hartuko dute parte, besteak beste, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak, Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak, Alfonso Lopez Tena Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (CGPJ) kideak eta John Vervaele Utrecht-eko Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko irakasleak.

2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria -auzi nagusia-, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta urte bereko urrian beste operazio bat egin zuten -auzi ekonomikoa-. Denera hamabi lagun daude auzipetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.