Bizkaiko ahaldun izaniko bi frankista omentzea aztergai izango dute gaur

PPk egin du eskaria, eta Batzar Nagusietan dute aztertzekoa; Ahaztuak elkarteak proposamena ez dela bidezkoa uste du

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Frankismo aldian Bizkaiko Diputazioko presidente izandako bi gizon, Javier Ibarra eta Augusto Unzeta, omentzea aztertuko dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek. PPk egin du eskaria, bi ahaldun nagusiak 1977an ETAk hil zituela argudiatuta. Alderdi horrek ezinbesteko jo du bi ahaldun ohien omenez plaka bat jartzea Bizkaiko Diputazioan; areago, hori aldundiko atarian bertan jartzeko eskatu du. Ahaztuak elkarteak proposamena ez du begi onez ikusi, eta atzera botatzeko eskatu die Batzar Nagusiei. Elkartearen arabera, frankismoaren aparatuetan «era kualifikatuan» hartu zuten parte Ibarrak eta Unzetak.

PPk dio «terrorismoaren biktimak» izan zirela frankismoko bi ahaldun horiek. «Bizkaitar eredugarri izan ziren, eta gure herria gorputz eta arimaz eta eskuzabaltasunez zerbitzatu zuten. Gure historiatik desagerrarazteko hil zituen ETAk», adierazi du PPren ordezkari Ignazio Aldekoak.

Ahaztuak-ek, berriz, Ibarraren eta Aldekoaren ibilbideari begiratu bat emateko eskatu du. Elkartearen arabera, bizkaitarrentzat iraina litzateke haien omenezko plaka jartzea Bizkaiko Diputazioan: «Iseka egitea litzateke erregimen haren biktima guztiei eta eraiki nahian ari garen memoria historiko demokratiko eta antifaxistari». Ahaztuak-ek irizten dio Bizkaiko kaleetan beste sinbolo frankista bat litzatekeela plaka hori. «Inork ez luke ulertuko sinbolo frankistak kentzeko borrokan ari garelarik Bizkaiko Batzar Nagusiek 2010ean erabakitzea beste bat jartzea».

Frankismoari hertsiki lotuta

Bizkaiko Diputazioko presidentetza ez ezik, beste hainbat kargu ere izan zituzten Ibarrak eta Unzetak. Ibarra, kasurako, Falangeko kide izan zen, eta 1936ko gerran ere hartu zuen parte, frankisten aldean. Gerra amaituta, 1939an, El Correo Español egunkariko kontseilari ordezkari izendatu zuten. 1947an sartu zen erakundeetan: Bizkaiko Aldundiko presidente (1947-1950), Espainiako Gorteetako prokuradore (1947-1969), Bilboko alkate (1963-1969) eta frankismoaren Kontseilu Nazionaleko kide izan zen. Ibarratar bankarien senidea zen. ETAk bahitu eta hil egin zuen, 1977an.

Gernikako alkate izan zen frankismo garaian Alfonso Unzeta. 1936ko gerran bonbardaketa latza jasan zuen herriko agintari zela, Francisco Francori herriko urrezko domina eman zion. Gainera, 1964ko urriaren 12an Hispanitatearen Eguna ospatzeko jaia antolatu zuen Gernikan. 1976an eta 1977an izan zen Bizkaiko Diputazioko presidente. Enpresari ezaguna zen Alfonso Unzeta, Astra armagintza enpresako buruetako bat. Ahaztuak elkarteak bereziki ekarri du gogora ikurrina legeztatzearen aurka jarrera irmoa azaldu zuela Unzetak, Franco hil eta gero: «Gauza jakina da elkarrizketa tirabiratsuak izan zituela Martin Villa Espainiako Barne ministroarekin gai horren harira». 1977ko urrian hil zuen ETAk, Gernikan, Jai Alai frontoiaren inguruetan zegoelarik.

Datu historikoak eskuan, Ahaztuak-ek berretsi du ez dela bidezkoa Alfonso Unzetaren eta Javier Ibarraren omenezko plaka bat Bizkaiko Diputazioan jartzea. «Beste auzi batzuk gorabehera, bi gizon horiek uste osoko partaide izan ziren erregimen frankistan». Areago, elkartearen iritzian, Bizkaiko Batzar Nagusiek kontraesana egingo lukete PPren proposamena onartuta, sinbolo frankistak kentzea onartua baitute.

Aurtengo maiatzean izan zen hori. Batzar Nagusiek agindu zuten egiteko Bizkaian dauden sinbolo frankisten bilketa, gero horiek kendu ahal izateko. Ahaztuak-ek dio beste sinbolo bat litzatekeela plaka hori, eta ez datorrela bat maiatzeko erabakiarekin.

Gernikan egingo du gaur batzarra Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak, 09:30ean hasita. Gai zerrendako bosgarren puntua da PPk egindako eskaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.