Osasuna

Bizkaiko anbulantzietako greba bertan behera utziko dute gaur

Bitartekariak egindako proposamena onartu dute sindikatu gehienek eta patronalak. ELA da akordioaren aurka azaldu den sindikatu bakarra.

urtzi urkizu
2014ko apirilaren 9a
14:46
Entzun

Martxoaren 10etik zeuden greba mugagabean Bizkaiko anbulantzien sektorean. USO sindikatuak —gehiengoa du sektorean— jakinarazi duenez, enpresak ordezkatzen dituen Bizkaiko Anbulantzien Elkarteak atzo sinatu zuen akordioa. 

Astelehenean, sektoreko langileek bozketa egin zuten bitartekariaren proposamenaren inguruan. 450 langileetatik 311k bozkatu zuten, eta %79 alde azaldu ziren. Proposamen horretan, soldata jaitsiera %8koa izan beharrean %3koa izatea jasotzen da —2014tik 2015eko ekainera aplikatuko da—. Proposamenean, halaber, jasotzen da Espainiako lan erreformaren aurrean hitzarmena blindatzen duten klausulak izango direla: ultraaktibitatea, hitzarmena ez betetzea eta malgutasunari lotutakoak. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidego osoan ezarriko den hitzarmen kolektibo bat negoziatu eta adosteko konpromiso "irmoa" jasotzen da. LABek adierazi zuen sektoreko langileek egindako "borroka eredugarriak" lortu duela enpresak eta administrazioa mugiarazi eta proposamen berria lortzea. Akordioarekin bat egin dute USOk, LABek, CCOOk eta UGTk.

ELA sindikatutak, aldiz, ez du akordioa onartu. ELAko ordezkari Iñaki Olidenek BERRIAri esan dionez, akordioa "oso txarra" da. "Proposamenak murriztu egiten ditu soldata taulak, eta hori onartezina da, jakinda patronalak eta bertako jabeak 2012an milioi bat euroko dibidenduak esku artean izan zituztela". Beste atal batzuk ere ez ditu ontzat jo ELAk. "Gure ustez, gatazka honek ez du konponbiderik Eusko Jaurlaritza mahairatu arte. Hark du ardura nagusia", gaineratu du Olidenek. ELAko kideak kritikatu du Ambuiberica enpresarentzat ari diren langileei ez zietela parte hartzen utzi bozketan, "jakinda akordio berriko klausulak haiei aplikatuko zaizkiela".

Nafarroan eta Araban anbulantzietako langileek greban mugagabean jarraitzen dute. Nafarroan, otsailaren 26an hasi zuten greba; eta Araban, martxoaren 17an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.