Gasteizko Udaleko aurrekontuei buruzko akordioa egin dute PPk eta EAJk, eta bi alderdien arteko harremanetan "mugarri" gisa izendatu dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontua aurrera ateratzeko negoziazioetan ere eragina izango duela aitortu dute.
Javier Maroto (PP) alkateak eta Gorka Urtaran (EAJ) zinegotziak eman dute akordioaren berri, gaur. Gasteizko udaletxean egin dute agerraldia. Enplegu publikoa sustatuko dutela, gizarte zerbitzuak mantenduko, eta autobus geltokia eta Salburuko eta Zabalganako zentro zibikoak eraikiko dituztela azaldu dute, besteak beste.
"Oso zaila izan da hain desberdin pentsatzen dute bi alderdien arteko ituna lortzea", adierazi dute. Baina, "interes politikoen gainetik, herritarren beharrak lehenetsi" dituztela nabarmendu dute: "Politika egiteko beste modu bat hitzartu dugu".
Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuek bihar dute lehen tramitea. Osoko zuzenketak bozkatuko dituzte. PPko batzarkideen bozeramaile Esther Martinezen arabera, alderdi horren abstentzioa segurua da. Lehen tramitea gainditzeko arazorik ez dute izango, beraz, aurrekontuek.
Hortik aurrera, EAJk eta PPk astebeteko epea izango dute aurrekontuak negoziatzen jarraitzeko.