Bizkaiko merkatarien elkarte denekin batzartu ostean, Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak esan du jaiegunetan dendak irekitzeari uko egin diotela eta Bilboko Udalari erabakia aldatzeko eskatu diotela —asteko zazpi egunetan zabaltzeko baimena emana du—.
"Bilboko Udalaren erabakiak eragina ez du hiriburuan soilik; Bizkai osoan dauka", adierazi du Cecobik, eta jakinarazi du udalak arloko ordezkariekin hitz egin gabe hartu zuela erabakia. "Gainera, kontsumitzaileek ere ez dute eskatzen dendak jaiegunetan irekitzeko".
Merkatariek uste dute dendak jaiegunetan ere zabaltzeak oro har ez dakartzala onura ekonomikoak, zentro komertzial jakin batzuei baino ez diela on egiten.
Arloko 40 elkarte eta federaziok osatzen dute Cecobi. 15.000 enpresa ordezkatzen ditu, eta 33.000 langile.