Adingabeak

Bizkaiko Diputazioak umeen babes sarea osatu nahi du harrera familia ordainduekin

Azken datuen arabera, harrera familietan 316 adingabe daude Bizkaian, baina hainbat badira aparteko behardunak, hartzen zailakSoldatapeko esperientzietan aitzindaria da Gipuzkoa: 2007tik ari da bide horretan

arantxa iraola
2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jatorrizko familiaren zaintza egokirik ezean, eta aldundiaren ardurapean dauden adingabeei harrera egiteko babes sistema osatze aldera, zerbitzu berri bat abian jartzea aztertzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia: profesionalizazioa. Alegia, hainbat familiari, adingabeak etxean hartzeagatik «ordainsari bat» —gaur egun harrera familia boluntarioek jasotzen duten diru laguntzaz gain— ematea aztertzen ari dira. Lehengo astean adierazi zuen Gizarte Ekintzako foru diputatu Pilar Ardanzak buruan zer darabilten, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Urrats hori egiten bada, beharrei «askoz ere hobeto» erantzun ahal izango zaiela nabarmendu zuen. Badira lehendik ere era horretako esperientziak abiatu dituzten erakundeak. Gipuzkoako Foru Aldundia, esaterako, aitzindaria izan zen: 2007ko urrian martxan jarri zuen familia profesionalen sare bat, eta emaitza onak eman ditu. Nafarroako Gobernuak, berriz, legez onartua du harrera eredu hori, eta aurten martxan ipintzea du asmoa.

Txema Peñaranda Lopez (Barakaldo, 1972) Bizkaian harrera familien koordinazioaz arduratzen den teknikarietako bat da. «Instituzio batean egotea, familiek zaindu ezin dituzten neska-mutilak beste haur batzuekin batera etxe batean bizitzen egotea, ez da aukera txarra. Baina ez du denentzat balio», abisu eman du. Horregatik, harrera familien hautua, ume askorentzat oso ona dela dio. Bi klasetakoa izaten da. Zenbaitetan, gurasoek umeak zaindu ezin badituzte ere, jatorrizko familiako norbaitek egiten die harrera: «Aitona-amona, osaba-izeba edo antzekoek har dezakete». Eta familia biologikoan zaintza emateko senide egokirik ez denean, familia boluntarioek hartzen dituzte etxean haurrak. Eta premia izaten da beti. «Egun, urtero lez, familiak behar dira programan sartuta edo sartzeko zorian dauden neska-mutilak zaintzeko», esan du Peñarandak.

«Familiak behar dira hau ez delako supermerkatu bat: ez da aski familia batek ume bat harreran hartu nahi izana; ezin du edozein ume hartu. Haurrak une horretan dituen premiei erantzuteko moduko sendi bat izan behar du», azaldu du. Eta gertatzen da, familiak ume bat hartzeko itxaroten egon arren, umeak familia zain izatea usu. «Horregatik behar dira beti sendiak; bai harrera laburretarako, bai ertainetarako, baita epe luzeetarako ere... Klase guztietakoak izaten baitira».

Harrera «espezializatua»

Testuinguru horretan ari dira aztertzen harrera mota berria. «Harrera espezializatua» litzatekeela dio Peñarandak, harrera familia boluntarioek etxean hartzeko zailak diren adingabeentzakoa bereziki. «Gehienak 12 urtetik gorakoak dira, edo eta ezaugarri bereziak dituzte: senide bat baino gehiago dira hartzeko, urritasunen bat dute, portaerarekin lotutako nahasmendu klaseren bat...», azaldu du. «Normalean,harreran izaten diren ume gehienek zailtasunak izaten dituzte, baina badira oraindik ere kasu zailagoak, eta programa berria, hain justu, horientzat litzateke».

Programaren premiari erreparatu badiote ere, oraindik zer eta nola egingo duten «zehazteko» dutela esan du Peñarandak. «Datozen hiletan horretan jarduteko asmoa dugu. Oraindik findu behar dugu nolako eredua nahi dugun». Argi dute, ordea, harrera familiak bereiziko dituen bakarra ez dela «ordainsaria» izango. Horrez gain, «profesionalagoak» izan beharko dute sendi horiek, etxean hartzen duten umea —edo umeak— hazteko eta hezteko jardunbidean: alegia, propio horretarako prestakuntza duten harrera gurasoak bilatuko dituzte, eta buru-belarri umeen zaintzan murgiltzeko prest daudenak.

Alegia, harrera familia boluntarioentzako baino galbahe estuagoa jarriko dute harrera «espezializatuan» ariko diren sendientzat. «Egun, edonor izan daiteke harrera familia; bikote bat, pertsona bakar bat, umeak dituen familia bat, edo ez dituena...Ez dago familia eredu estandarrik, edozein izan daiteke egokia. Bizitza egituratua izatea besterik ez da eskatzen, eta balorazio prozesu bat igarotzea».

Familia boluntarioek 300 euro inguruko —«harrera motaren arabera, pixka bat alda daiteke», zehaztu du Peñarandak— «ordain» bat jaso ohi dute. «Ez ditu harrerak dakartzan gastuak betetzen... Baina nolabaiteko konpentsazio ekonomikoa eman nahi zaie umeari harrera egiteagatik». Kontrara, aztertzen ari diren eredu berrian, profesional moduan, soldata bat jasoko lukete familiako harrera gurasoek.

«Gero eta aukera gehiago, hobeto. Harrera moten aukera zabaltzea da kontua, haurrek ingurugiro egoki bat izateko», azaldu du Peñarandak. Badira harrera «laburrak», haurren gurasoek arazo zenbait konpondu bitarterako adingabeei babesa emateko pentsatuak. Badira umea heldu egin arterako harrera luzeak ere:«Joera luzatzea izaten da usu, eta haurrak adinez nagusi egin arterakoak izaten dira zenbaitetan».

316 adingabe daude, Bizkaiko Diputazioaren azken datuen arabera—2013 bukaerakoak dira—, harrera familietan Bizkaian. 88, sendi boluntarioetan; gainerakoak, senitartekoren baten etxean. Instituzioetan, berriz, 559. Denak ez daude harreran hartzeko eran, baina egoera hobetzeko, 30 familia inguru gehiago eskatzen dituzte urtero. 30 abaro berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.