Emakunde Sariak

Bizkaiko Emakumeen Asanbladako bi kide saritu ditu Emakundek

1976an sortutako taldearen ibilbidea aintzatetsi du Eusko Jaurlaritzaren erakundeak, eta taldeko kide Maria Luisa Menendez eta Elena Garciari eman die aurtengo saria.

2009ko otsailaren 9a
21:18
Entzun
Bizkaiko Emakumeen Asanbladako bi kide saritu ditu gaur arratsaldean Emakundek, Bilbon. Taldeko bi kidek, Maria Luisa Menendezek eta Elena Garciak, jaso dituzte Eusko Jaurlaritzaren erakundeak urtero ematen dituen sariak, emakumeen eskubideen eta parekotasunaren alde eginiko lanagatik.

Hala, 1976an sortutako taldearen ibilbidea aintzatetsi du Emakundek. Urteotako lanaren aitorpena izan da, batez ere kontzientziazio, aldarrikapen eta laguntza alorretan eginikoagatik. Baztertutako emakumeak, erasoak jasandakoak, zalantzak zituztenak eta abar izan dira Bizkaiko Emakumeen Asanbladak urteotan lagundu dituenak, eta behar ugari egin du, gainera, bikoteen banaketa nahiz dibortzioetan eta abortatzeko aukeren inguruan kontseilaritza eta babesa eskainiz.

Menendezek eta Garciak nabarmendu dutenez, azkenaldian batez ere abortatzeko eskubidearen eta laikotasunaren alde egin dute lan.

Salaketarako tarterik ere izan dute, feminismoa ahitutzat jotzen dutenen argudioak errefusatzeko: "Orain oso zabalduta dagoen diskurtsoa da feminismoa iraungita dagoela, eta berdintasun legeak daudenez ez dagoela jada haren beharrik". Oraindik gizartean emakumea baztertuta dagoela, eta erasoak pairatzen dituela salatu dute, eta orain arteko legeria ez dela nahikoa ohartarazi dute.

Aditzera eman dutenez, gizonen eta emakumeen arteko benetako parekotasuna bermatuko duen lege zehatz eta zabalagoak onartu eta indarrean jarri behar dira, eta eredu sexistak hezkuntzatik eta gizarteko hainbat alorretatik ezabatu.

Gainera, Garcia kexatu da mugimendu feministari ez zaizkiola emakumeen eskubideetan egindako lorpenak aitortzen. "Ematen du inertziaz lortu direla gauzak. Historiak ez digu emakumeoi aitortzarik eman. Botoa lortzea, emakumeoi esker izan zen, baina eskolanez dute hori irakasten".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.