Bizkaiko unibertsitate aurreko irakaskuntza publikoko irakasleak lanuztera deitu dituzte gaur EILAS, ELA, LAB eta UGTk, Eusko Jaurlaritzarekin ez direlako ados jartzen lan baldintzen inguruan, eta, sindikatuek eman dituzten datuen arabera, grebaren jarraipena %62koa izan da. Grebak jarraipenik handiena lehen hezkuntzan izan duela esan dute. Jaurlaritzaren Hezkuntzaren Sailak, aldiz, esan du jarraipena %33koa izan dela.
EAEko irakaskuntza publikoko hirugarren greba eguna izan da gaurkoa: herenegun Gipuzkoan egin zuten (sindikatuen arabera, %70eko jarraipenarekin; Hezkuntza Sailak esan zuen %48koa izan zela) eta atzo Araban (sindikatuen datua, %60koa; Hezkuntza Sailarena, %34koa). Hilaren 24an hiru herrialdeetan egin nahi dute lanuztea.
Tontxu Campos Hezkuntza sailburuaren ustez, desadostasunak "ez dira nahikoa arrazoi grebara deitzeko". Hark nabarmendu du negoziazio mahaian konpon ezin daitekeena, ezingo dela grebarekin konpondu. Oraingoz, Jaurlaritzak CCOOrekin baino ez du egin aurreakordioa.
EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek gaur Bilbon elkarretaratzea egin dute, 11:00etan, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
Hezkuntza
Bizkaiko irakaskuntza publikoko grebaren jarraipena %62koa izan da, sindikatuen arabera
EILAS, ELA, LAB eta UGTk deitu dute lanuztera. Hezkuntzaren Sailaren arabera, jarraipena %33koa izan da. Gipuzkoan egin zuten herenegun eta atzo Araban. Hurrenez hurren, %70eko eta %60ko jarraipena izan zuten, sindikatuek esan dutenez. Tontxu Campos Hezkuntza sailburuaren ustez, desadostasunak "ez dira arrazoi grebara deitzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu