Bizkaiko Ogasunak ekintzak bikoiztu eta iruzurra iaz halako bi dela atzeman du

Iazko uztailetik aurtengora 373,5 milioi euroko iruzurra topatu du, legegintzaldi hasieratik 676 milioikoa

IRUNE LASA BILBO
2006ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Aitorpenen kudeaketan eta inspekzioan zenbat eta ahalegin gehiago egin, iruzur gehiago atzematen dela erakusten dute Bizkaiko Ogasunaren datuek. 2003ko uztailean hasitako legegintzaldian676 milioi euroko zerga-iruzurra agertarazi du Aldundiak eta horien ia erdiak, 373,5 milioiko baliokoak, ekintzak bikoiztu dituenean 2005eko uztailetik 2006ra artean. Epe horretan ekintzen kopurua -kudeaketakoen eta inspekziokoen batura- 1.090.000koa izan da, 2004ko uztailetik 2005era egindako 574.000 ekintzen ia halako bi.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza ahaldunak agerraldia egin zuen atzo herrialdeko Batzar Nagusietan iruzurrari buruzko datuak emateko. Nagusiki legegintzaldiko datuak izan zituen aipagai. 2003az geroztik, 2,28 milioi ekintza egin ditu Bizkaiko Ogasunak eta atzemandako 676 milioi euroko iruzurretik, 86 milioi euroko iruzurra biltzen duten 37 delitu txosten aurkeztu ditu dagokion fiskaltzan.

120.000 euroko muga gainditzen duenean bihurtzen da iruzurra zerga delitu. Iruarrizagaren arabera, 37 delitu salaketetatik 10etan jada zigor epaiak ebatsi dira eta guztiak ogasunaren aldekoak izan dira. Horietatik 9,8 milioi euro berreskuratuko ditu ogasunak eta Justizia ministerioak 20,6 milioiko isunak bilduko ditu. «Azkenean ogasunak dirua berreskuratzen du eta iruzurgileek zigor gogorra jasotzen dute», Ogasun Ahaldunaren ustez.

Iruzur gehien Balio Erantsiaren gaineko Zergan egiten dela ondorioztatu du Ogasunak, 281 milioi eurokoa. PFEZn, 148 milioi euroko iruzurra atzeman du, eta 131 milioikoa Sozietateen Zergan. Iruzurrari «sentiberak» diren sektoreak ere aipatu zituen ahaldunak:

Luxuzko autoak

Europako Batasunetik datozen autoekin egiten da iruzurra batez ere. Ez dira matrikulazio eta salmenta zergak ordaintzen. Bizkaiko ogasunak 2,9 milioi eurorengatik bi txosten bidali ditu fiskaltzara 2003az geroztik eta beste hiru bidaltzear da 4 milioi euroko iruzurra salatzeko.

Jarduera profesionalak

Ogasunak ez du horien inguruko delitu salaketarik egin legegintzaldi osoan, baina orotara 1,2 milioi euroren aktak formalizatu dira. Zaila omen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan iruzurra atzematea baina pentsatzen da jarduera profesional eta ekonomikoen aitorpenak direla iruzur ia guztia hartzen dutenak, lan errentak baino askoz gehiago. LAB sindikatuak 2002ko PFEZ aztertu zuen eta Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste aitortutako lan errentak 17.684koak baziren, jarduera profesional eta ekonomikoetatik lortutakoak 11.433 eurokoak ziren.

Etxebizitza

Batzuetan ez da orubearen salerosketaren egiazko prezioa aitortzen; beste batzuetan etxea eraiki aurretik erosten da baina obraren amaiera hurbiltzean eta eskriturak sinatu aurretik garestiago saltzen, operaziotik lortutako irabaziak aitortu gabe. Bizkaiko ogasunak 10 zerga delitu atzeman ditu eta fiskaltzan aurkeztu, 8,6 milioi euroko iruzurrarengatik.

Telefonia eta informatika

Ogasunaren aurkako ustezko bost zerga delituren salaketa egin ditu Aldundiak 2003az geroztik telefonia eta informatika sektoreetan, horietatik hiru aurten bertan. Guztira 12,5 milioi euroko iruzurra zenbatu du ogasunak

Txatarra

Txatarra bilketaren sektorean jarraipen zuzena egin du Bizkaiko ogasunak eta 48 milioi euroko iruzurra atzeman. Zazpi salaketa aurkeztu ditu Fiskaltzan. Txatarra kudeatzen duten enpresek ez zuten saldutako txatarra aitortzen eta erosleak propio sortutako sozietateek egindako fakturen bidez zuritzen zuten, BEZa ordaindu gabe.

Deribazioak

Jose Maria Iruarrizagak aipamen berezia egin zuen alor honi buruz. Ogasun ahaldunaren arabera zergak kobratzerakoan egiten den iruzurra handia da. Enpresak ogasunarekin zerga zor bat daukanean, enpresa berria sortu eta zor hori zaharrari uzten dio. 84 milioi euroko iruzurra atzeman du legegintzaldi honetan Bizkaiko Aldundiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.