GIZARTEA

Bizkaiko zahar etxeetako enpresa nagusiaren eskaintza onartu dute langileek

Grebari eutsi egingo diote oraingoz, beste bi enpresa falta direlako akordioa egiteko. ELAren arabera, Gesca enpresak aintzat hartu ditu “langileen aldarrikapen guztiak”.

Adinekoen egoitzetako langileak, joan den astean egindako agerraldi batean. ARITZ LOIOLA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko irailaren 27a
08:23
Entzun

Akordiorako bidea urratzen hasi dira Bizkaiko zahar etxeen auzian. Enpresa nagusiak, Gescak, eskaintza bat jarri die mahai gainean langileei, eta haiek onartu egin dute proposamena. Joan den ostiralean bildu ziren langileen ordezkariak eta enpresa, astelehenean ere bai, eta proposamena ontzat jo dute beharginek.

ELAko ordezkarien arabera, Gescaren proposamenak aintzat hartu ditu langileek hogei hilabeteko gatazkan mahai gainean jarritako “aldarrikapen guztiak”. Besteak beste, 35 orduko lan astea ezartzea eskatzen dute langileek, 1.200 euroko soldata eta ratio apalagoak.

Gescaren proposamena onartu badute ere, oraindik ez da lan gatazka amaitu. Negoziazio mahaian ordezkaritzaren %40 du enpresa horrek. "Akordioa egin dadin eta langile guztiei eragingo dien ituna sina dadin, patronalaren aldetik gehiengoa behar da", ohartarazi du Gaizka Miguel ELAko ordezkariak. Horregatik, protestekin jarraituko dute langileek. 5.000 behargini eragiten die lan gatazkak.

Gescarekin adostasuna egin izana "mugarri garrantzitsutzat" jo du ELAk, baina nabarmendu du gutxienez beste bi enpresetako batek ere bildu behar duela adostasunera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.