Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak erdira (%55) gutxitu du ETAk mehatxatutako herritarrak babesteko bizkartzain pribatuen kopurua. EAEko eta Nafarroako Jarduneko Bizkartzainen Elkartearen arabera, Espainiako Gobernuak 425 bizkartzain pribatu «kaleratuko» ditu datozen egunetan. Elkarte horren arabera, astelehenera arte bi bizkartzain zituzten zinegotziei eragingo die erabakiak; bi bizkartzain izan beharrean bakarra izango baitute aurrerantzean. Hortaz, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 305 zinegotzirentzat 364 bizkartzain egongo dira Espainiako Gobernuak ordainduta. 2011ko hasieran, 3.000 bizkartzain inguru zeuden Hego Euskal Herrian, Espainiako Gobernuareneta Eusko Jaurlaritzaren aginduetara. Horietatik %80 baino gehiago (2.500 inguru) enpresa pribatuetakoak ziren. Bizkartzainen elkarteen arabera, urtebetean mila bizkartzain baino gehiago kendu dituzte.
Urriaren 20an ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri ondoren, bizkartzain kopurua murriztea adostu zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. 2012ko aurrekontuetan jasotzen denez, bizkartzainak kontratatzeko diru saila %57 jaitsi du Jaurlaritzak. 2011n, 88 milioi euro eman zituen, eta, aurten, 36 milioi. 2010ean, 140 milioi eurokoa izan zen diru saila, aurtengoa halako lau.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren erabakia bat dator garai berriekin.«Mehatxu terrorista murriztu egin da, eta, beraz, egungo egoerara egokitu behar da bizkartzain kopurua», adierazi du Mendiak. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, bizkartzain zerbitzua «modu progresiboan» kentzen ari da Herrizaingo Saila.
«Azkarregi»
Eusko Jaurlaritzarekin «bat egin» duelako, Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du Santiago Fontenla EAEko eta Nafarroako Bizkartzainen Elkarteko presidenteak. Fontenlak azpimarratu duenez, Barne Ministerioaren murrizketa «kolpe latza» izan da «desagertzeko zorian dagoen kolektibo horrentzat». «Munduko herrialde bakar batek ere ez ditu albo batera utzi demokraziaren eta askatasunaren alde bizia arriskatu dutenak; tamalez, horretan ere aitzindari da Espainia», salatu du.
Fontenlak adierazi duenez, Barne Ministerioak «azkarregi» hartu du bizkartzain kopurua murrizteko erabakia. Punto Radio ABC irratian egindako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, euren taldea «erakunde terroristaren eta kaleko terrorismoaren jomugan dago oraindik», eta Agurainen herenegun izandako kale erasoa jarri du adibide gisa.
ETAk indarkeria behin betiko amaitu duela iragarri eta gero alderik nabaritu duten galdetuta, bizkartzainen elkarteko presidenteak adierazi du «ezker erradikalaren presentzia areagotu» egin dela Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan. «Pintaketekin, pankartekin eta ohiko ekitaldiekin», zehaztu du. «Ezker erradikalaren presentzia biderkatu dela baiezta dezakegu, eta euren presentzia nabarmena da oso», azaldu du. Ezker abertzalearen presentziak bizkartzainen beharrarekin zer lotura duen ez du azaldu.
Espainiako Barne Ministerioak erabakitako murrizketa dela-eta, bizkartzainen etorkizunarekin «kezkatuta» azaldu da Fontenla. Azaldu du, baina, Ignacio Ulloa Segurtasuneko Estatu idazkariarekin egindako azken bileran «sentsibilitate apur bat» ikusi zuela. «Interesgarriak izan daitezkeen hainbat aukera proposatu genizkion, tartean Espainiako genero indarkeriaren biktimak babestea, baita espetxeak eta beste eraikin batzuk babestea ere», azaldu du Fontenlak.
Bizkartzain kopurua erdira jaitsi du Barne Ministerioak
Erabakiarekin bat egin du Eusko Jaurlaritzak, «egungo egoerara egokitzen delako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu