Greziako egoera ekonomikoak eta hartzekodunekin zorraren inguruan eginiko negoziazioek baldintzatu dute Alexis Tsiprasen gobernuaren ibilbidea.
Urtarrilak 25: Hauteskundeak irabazi zituen Syriza ezker erradikaleko koalizioak, eta Anel eskuineko alderdiarekin koalizioa eginda, Greziako lehen ministro izendatu zuten biharamunean bertan Alexis Tsipras Syrizako presidentea.
Urtarrilak 30: Zorrari buruzko negoziazioei ekin zien berehala Greziako Gobernuak, eta lehen harremanetan geratu zen argi gobernuaren eta hartzekodunen arteko desadostasuna. Greziako Gobernuak ez zuen Troika mintzaidetzat aitortzen, eta Europako Banku Zentralak estu hartu zuen berehala Tsipras, Greziako bankuen likideziaren iturri nagusia itxita.
Otsailak 17: Europako Batasunak ultimatuma eman zion Greziari. Lau egun eman zizkion Atenasi erreskatearen luzapena eskatzeko. Tsiprasek, ordea, ez zuen hori onartu; bai, ordea, maileguak jasotzea. "Xantaia" egitea egotzi zion Atenasek EBri.
Otsailak 21: Bigarren erreskate plana lau hilabetez luzatzea onartu zuen Atenasek, erreforma batzuk egitearen truke. Eurotaldeak azaldu zuen zerrenda "nahikoa osatua" zela negoziazioetarako abiapuntu gisa.
Apirilak 3:6.000 milioi biltzeko erreforma sorta igorri zion Tsiprasen gobernuak Bruselari, baina horrek ez zuen Greziaren eta hartzekodunen arteko akordioa ahalbidetu. Giannis Varufakis Greziako orduko Finantza ministroa zen negoziazioetan Atenasko ordezkaria, eta hura bigarren mailan utzi zuen Tsiprasek apiril amaieran.
Maiatzak 7: Asteek aurrera egin ahala, hartzekodunei ordaintzen joan da Greziako Gobernua, bigarren erreskatearen azken zatia lortu eta ordainketei aurre egin ahal izateko. "Ahalegin gehiago" eskatu zizkion Eurotaldeak Greziari, nahiz eta aitortu pausoak egiten ari zela.
Ekainak 3: Bi aldeek ekainaren 30era arteko epea zuten bigarren erreskatearen azken zatia Atenasi emateko. Horretarako, plan "errealista" bat aurkeztu zien Atenasek hartzekodunei, baina ez zuten nahikotzat jo. Ziurgabea zen egoera hilaren 30etik aurrera, ez baitzen jakina hartzekodunei epe hori baino lehen ordaindu behar zien dirua ez itzultzeak zein ondorio izan zitzakeen. Bitartean, larrialdizko mailegu bat eman zion EBZk Greziari, bankuak zabalik mantendu ahal izateko.
Ekainak 23: Bazirudien Greziako Gobernuaren proposamenak egoera desblokeatu behar zuela, gertu ikusi baitzuten akordioa. Troikak jarritako baldintza berriek, ordea, akordioa urrundu zuten.
Ekainak 27: Troikaren azken proposamenari buruz erreferenduma iragarri zuen Tsiprasek uztailaren 5erako, eta Greziaren erreskatea ez luzatzea erabaki zuen Eurotaldeak.
Ekainak 29: Tsiprasen gobernuak corralito-a ezarri zuen astebeterako; likidezia faltan, egunero 60 euro ateratzeko muga ezarri zien herritarrei. Epe horretan itxita izan ziren bankuak, uztailaren 20ra arte.
Uztailak 5: Greziako herritarren %61ek ezezkoa eman zioten Troikaren azken proposamenari, Tsiprasen gobernuak eskatutako botoari jarraituz. Emaitza horren ondotik, Grezia eurogunetik kanporatzeko eskatu zuen, besteak beste, Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak. Biharamunean, dimisioa aurkeztu zuen Varufakisek, akordioa errazteko. Euklides Tsakalotosek ordezkatu zuen karguan.
Uztailak 8: Negoziazio mahaira itzuli ziren bi aldeak, eta beste hiru urterako erreskatea proposatu zuen Tsiprasek, austeritate neurri gogorren truke. Kontra azaldu zen Syrizako sektore bat. Hilaren 13an heldu ziren adostasunera, eta bi egun geroago onartu zuten Greziako Parlamentuan. Bertan irudikatu zen Syrizaren haustura.
Uztailak 28: Orduan hasi ziren Greziari hirugarren erreskatea emateko negoziazioak, eta abuztuaren 11n jarri ziren ados. Azken egunotan oniritzia eman diote akordioari Eurotaldeak, Greziako Parlamentuak eta Alemaniakoak; azken horretan, Angela Merkel kantzilerraren taldea ere zatituta azaldu da, Greziari hirugarren erreskatea ematearen aurka azaldu baitira CDUko kide ugari.
Abuztuak 14: Erreskatearen inguruko bozketak agerian utzi du Syrizaren zatiketa, eta bere koalizioaren parte baten babes faltak bultzatu du Tsipras hauteskundeak aurreratzera. Parlamentuan, Panayiotis Lafazanis Syrizako kideak erreskatearen kontrako mugimendu bat sortzeko asmoa adierazi zuen, Syrizako kritikoak plataforma batean egituratuz.