Bizi! mugimenduko dozena bat kidek plastiko beltzez estali dute BNP banketxearen Miarritzeko bulegoa, gaur eguerdian, banketxeak mundu zabalean duen ingurumen politika salatzeko.
Bizi!-k jakitera eman duenez, BNP banketxeak enpresa bat sortu du Londresen, eta azken horrek natura ondasunak baliatuz espekulatzen duela salatu du: «Peru eta Kenian oihan erraldoiak erosi dituzte CO2 sobera ekoizten duten herri garatuei kutsatzeko eskubidea saltzeko, naturgunea mantentzearen truk». Alegia, karbono maileguak salduz, «natura dirua egiteko" baliatzen duela BNP-k.
Banketxea estali bezain laster, bertako zuzendaria hurbildu zaie militanteei. Haien azalpenak entzun gabe, Polizia deitu du, eta haiek banderolak kendu dituzte, nehor atxilotu gabe.