Euskal diaspora

Boiseko umeen euskal habia

Oso aste berezia dute Boiseko ikastolako umeek. Astelehenean ezagutu zuten hemendik aurrera egongo diren ikastetxea, eta atzo lehen eskola eguna izan zuten. Orain hamazazpi urte zazpi umerekin hasitako ibilbideak behin betiko urratsa egin du egonkortzeko. Bideoa: Boiseko ikastolaren inaugurazioa [youtube]https://youtu.be/luSX61GP53o[/youtube]

urtzirrutikoetxea
2015eko abuztuaren 1a
10:55
Entzun

Urduritasuna, poza, nerbioak, ezinegona... denak batu dira ikastola berriaren lehen egunean. Zapatak kanpoan utzi dituzte, eta etxeko zokoak miatu eta ikertzera joan dira umeak. Irakasleak ere bai, egokitu beharra baitute leku berrira. Apaletan, Teoren istorioak. Kamiltxorenak, eta beste hainbat ipuin euskaraz. Euskal Herritik zortzi mila kilometrora. «Gaur goizean sartu naiz [astelehenean], eta erabat zoriontsu sentitu naiz, umeak noiz etorriko. Lan gogorra izan da. Jende askok lagundu gaitu; oso eskertuta gaude. Ekainean ekin genien lanei, eta, bi hilean, gau eta egun, garbitu, komunak jarri, belarra atondu, mila gauza egon dira egiteko», dio Mara Davis zuzendariak. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren bisita ere jaso zuten ostegunean.

Umeen beste hizkuntza ez da frantsesa edo espainola. Ingelesez dihardute; etxean hala egiten dute gehienek. Eta grina ageri dute euskaraz, elkarrekin, irakasleekin, kantuan zein jolasean. «Egunero ikusten dut nola barneratzen duten euskara. Adibidez, umeren bat Euskal Herritik etorri, aste batzuetarako izan arren, eta, hemengo umeekin euskaraz entzun, eta ez dakizu zeinen harro sentitzen naizen».

Pozik daude irakasleak: «Oso pozik. Umeak liluratuta dabiltza; inaugurazio ekitaldira ere jende asko etorri zen. Ikaragarria izan da», esan du Oihana Andion iruindarrak. Harekin dihardu Boiseko Megan Vondemkampek: «Toki bikaina da: kanpoan leku handia dago, eta gure gelak ere oso ondo daude». Goretti Rodriguez durangarra etorri da udan laguntzera. Arauak azaltzeko eguna da. Ikastola apain-apain jarrita dago, jostailu askorekin, baina hobeto egongo da aurki, azken ukituak amaituta. Bitartean, hobe zuhaitzaren inguruko harriak ez ukitu. Non eta zerekin jolastu ez da falta.

Zentro katoliko baten abaroan utzitako geletan egon da orain arte Boiseko ikastola. Azken hilabetea, beste ikastetxe bateko ikasgelan. Eta, azkenean, hainbat etxe begiratu ondoren, Boiseko S Broadway kaleko 1955a hautatu zuten. «Etxe bat ikastetxe bihurtzea erronka handia zen, baina laguntza handia izan dugu», dio Davisek. Astelehenean izan zen ikastolaren inaugurazio ekitaldia. Une hunkigarria izan zen. Hainbat urtetako lana batetik, azken hilotako auzolan nekaezina bestetik, erositako etxea txukundu, apaindu eta prest izateko. «Joan den ostiralean zelan zegoen ikusi, eta asteburuko lanaren ostean zelan gelditu den, eta ez sinestekoa da», dio Davis zuzendariak. Bi gela dotore kolorez, jostailuz eta mozorroz beteta, sukaldea, bulegoa, belardia eta, atzean, jolasleku ederra, zuhaitz baten inguruan.

Erronka berriak buruan

3 eta 6 urte bitarteko umeak doaz ikastolara. Hortik aurrera segitzea zaila da, dio Davisek: «Buruan daukagu, noski, eta amets gisa hor dago, baina, oraingoz, hauxe dugu. Hala ere, izugarria da honelako bat izatea Boisen eta Ameriketako Estatu Batuetan». Patty Miller euskal museoko zuzendaria —ikastola museoko egituran txertatuta dago— bat dator: «Begiratu dugu hortik aurrera ikastolako umeek zelan segi dezaketen, baina oraingoz ezinezkoa da. Charter school-a litzateke aukera bat [itunpeko eskolen antzekoa; finantzaketa publikoa dute, baina eskola sistema ohikotik aparte daude], baina ume guztiak ez dira auzune berean bizi, eta normalean gurasoek etxe inguruan nahi dute eskolan hastea eta segitzea. Gero, bigarren hezkuntzan ikasle aski izatea ere erronka handia litzateke». Hemezortzi ume doaz udan. «Udazkenerako 25 inguru espero ditugu», dio Davisek.

Chris Bieter alkate euskal-amerikarrak eta Nere Lete errenteriar bikoteak sortu zuten ikastola, 1998an. «Senarraren ideia izan zen. Euskaldun eta amerikar nahaste horrek dakarrena hain baikorra beti, eta 'Egingo al dugu?' galdetu zidan». Nerek Eusko Jaurlaritzara jo zuen; Chrisek lege kontuak atondu zituen; bien artean beste familia batzuekin hitz egin, irakasleak lotu, eta errealitate bihurtu zen. «Ametsa egia betetzea da», dio Chrisek. Madalen alaba ere poz-pozik dago: «Pentsa: ni ere ikastolan hasi nintzen, eta orain hau ikustea oso polita da». Osaba du alkatea, eta ezin hutsik egin inaugurazio ekitaldian. Hala etorri dira inguruko telebistak ere. Ingelesez hitz batzuk eta euskaraz beste batzuk Bieterrek: «Izugarria da hau. A zer lana egin zuten nire anaiak, haren emazteak, Patty Millerrek eta beste hainbat jendek, zenbat lan egin zuten. Eta hau ikustea, hau gehiegi da». «Kosta da, baina, aurrerantzean, Boiseko ume euskaldunek euren habia izango dute», dio, hunkituta, Letek.

Ekitaldian, ezin ahaztu ikastola prest egoteko jo eta ke ibili diren guraso, guraso ohi eta komunitateko beste hainbat eta hainbat lagun ere. «Entzun genuen John Boyd erretiratu egin zela, eta aspertuko zela pentsatu genuen», egin diote irri eta omen ekitaldian, eta kasko bat eman diote opari. «Baita autoa garbitzeko txartel bat ere, etxean sesiorik izan ez dezazuen hainbeste aldiz lokatzez zikinduta bueltatu eta gero». Umorea eta irribarrea dira nagusi. Egun handia da. Boiseko umeek badaukate, azkenean, euskaraz bizitzeko beren habia, Euskal Herritik zortzi mila kilometrora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.