Bizilagun batek ikusi zuen Bonifacia Ruiz de Arbuloren etxeko atea irekia zegoela. Izenez deitu zion. Ez zuen erantzun. Barrura sartu zen, eta lurrean botata aurkitu zuen emakumearen gorpua, odoletan. Ezaguna zuen mediku bati deitu zion. Hark eman zion abisua Ertzaintzari. 2010eko apirilaren 5eko 21:45 inguru ziren, eta Agurainen (Araba) jaiak ospatzen ari ziren.
Ikusi gehiago
Familiakoak ikertzen hasi ziren ertzainak, eta aurki, gauerdia pasatuta, emakumearen biloba bat atxilotu zuten, Tasio Ugarte. 19 urte zituen. Amonari 24 labankada eman zizkion. Hilketarako erabilitako arma eta odolez zikindutako arropak atzeman zizkioten.
Mutilak bazituen salaketak lehendik, bortizkeria erabiltzeagatik. Senide batzuengandik urruntzeko aginduak ere ezarri izan zizkioten, ez amonarengandik urruntzekorik ordea. Aurrekariak ere bazituen, eta kokaina hartzen zuela azaldu zuten poliziek, eta tratamendu psikiatrikoa jasotzen zuela ere bai. Gazteak poliziei aitortu zien hilketa, eta esan zien eldarnio batean hil zuela amona.