«Nicolas Bonnemaison sendagile gisa aritu zen, eta ez da eutanasiaren aldeko militantea». Hala adierazi zuen atzo Arnaud Dupinek, ustez Baionako ospitalean lau gaixo adineko pozoitu zituen sendagilearen abokatuak, hedabideen aurrean egindako agerraldian. Haren esanetan, Hazparneko (Lapurdi) medikua «oso hunkiturik» dago azken egunetan jasotako elkartasun adierazpenekin.
«Uneotan Bonnemaison kanpoan dago, senideekin», azaldu du Dupinek. Hala ere, Justiziaren lana «errespetatzen» duela nabarmedu du. Abokatuaren ustetan, halaber, erien bizitzako azken uneak eta eutanasia arautzen dituen Frantziako legeak, Leonettilegeak, hainbat hutsune ditu.
«Legea ez bada aldatzen, egoera paradoxiko batean ikusiko dugu geure burua: zer egin behar dugu bizia bururatzen ari delarik eta bururatze hori sufrimenduz betea bada? Zer da sendagilearen betebeharra? Hori da funtsezko galdera». Dupinek nabarmendu du Leonettilegea alda daitekeela, ez berak dioelako, arauaren autoreak berek ere ate bat ireki duelako hori egin ahal izateko. « Nire ustez, aste batez, 30.000 pertsonak izenpetu badute Osasun ministroarentzako agiria, jendeek arazoa bururaino aztertzea nahi dutelako da. Behar da gaiari esparru bat eman».
Gaiaren inguruan zer egin daitekeen jakin behar dela eta eginkizun hori ahal bezain sinplea baina lausotasunik gabea izan behar duela azaldu du legelariak. «Nire bezeroa ez da eutanasiaren aldekoa, nire bezeroak kezka bat dauka, bururatzen ari den bizia nola kudeatu behar den; ez da militante bat, baizik eta kontzienteki lanean ari den mediku bat», nabarmendu du.
Dupinek ez du argitu eriek lagundutako suizidioa eskatu zuten ala ez. «Zer da eutanasia eskatzea? Negar bat, erregu bat?», galdegin du abokatuak. Horregatik, gaiaren inguruan gizartean eztabaida sortzea egokitzat jo du.
Bonnemaisonen helburua erien oinazea «arintzea» zela azaldu zuen legegizonak joan zen astean egin zituen lehen adierazpenetan. «Erabakiak kontzienteki hartu zituen, eta ez da egindakoaz damutzen». Halaber, bere bezeroak Frantziako sendagile ugarik egiten duten gauza bera egin zuela nabarmendu zuen orduan. Bonnemaisonek jarrera guztiz profesionala izan zuela adierazi du, baina ez du zehaztu gaixoek edota haien senideek espreski heriotza eragiten laguntzeko eskatu ziotenik medikuari.
Bonnemaison kanpoan da uneotan, prokuradoreak agindutako deiaren zain. «Justizia guztiz errespetatzen du, eta, beraz, haren aginduak beteko ditu», jakinarazi du Dupinek.
«Ahulak eta zaurgarriak»
Baionako fiskal Marc Marieek, bestetik, joan zen astean nabarmendu zuen lau gaixo adinekoak «ahulak eta zaurgarriak» zirela. «Horrek larriagotu egiten du Bonnemasionek haiei eginikoa», adierazi zuen.
Aldiz, Baionako Justizia Auzitegiko epaileek behin-behinean aske utzi zuten medikua, nahi gabeko hilketa egotzita. Kontrol judizialaren pean dagoen bitartean, 50 urteko sendagile horrek ezingo du bere lanean aritu, ezta ustez berak hil dituen erien senideengana hurbildu ere.
Dena dela, Bonnemaisonek ustez hildako lau gaixoetako baten senarrak guztiz babestu zuen hura asteazkenean Rtl irrati frantsesean egindako adierazpenetan. «Nik ez nuen Bonnemaisonekin eutanasiaz hitz egin, eta ez dakit hori egin zuen ala ez, baina nire emaztearen borondatea bete da, eta sendagilea noizbait kalean ikusiko banu, eskua emango nioke egindako guztia eskertzeko».
Hildakoaren senarra ez da sendagileari sostengua erakutsi dion bakarra. Azken egunetan milaka pertsonak bat egin dute Facebook sare sozialean sortutako hainbat orrirekin, medikuaren jarreraren alde eginez. Eutanasia aktiboa legezta dadin eskatu dute. Sendagilearen lankideek eta Baionako herritarrek ere sostengua erakutsi zioten asteartean ospitalean bertan eginiko elkarretaratzean. Ordu eta erdian haren aldeko 700 sinadura lortu zituzten.
Bonnemaison mediku gisara aritu zen, ez «eutanasiaren aldeko militante» gisara
Baionako osagilearen abokatu Arnaud Dupinek azaldu du medikuak Justizia «errespetatzen» duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu