Pirinio Atlantikoetako Mediku Elkargoko presidente Marc Renoxek dimisioa eman du. Kargu uztea lehengo astean erakundeak hartutako erabaki batekin lotu du; izan ere, mediku elkargoak Baionako erietxeko Nicolas Bonnemaison sendagilearen aurkako salaketarik ez jartzea erabaki zuen —hilaurren zeuden eriak pozoitzea egozten diote Bonnemaisoni, eta auzipetuta dago—. Bozketa batean hartu zuten erabakia, eta Renouxek argi utzi zuen hasieratik ez zetorrela bat gehienekin. Bonnemaison medikuaren kontrako auziaren atzean «ikerketa serio bat» dagoela uste du Renouxek, eta berehala azaldu zuen «koldarra» iruditzen zitzaiola medikuaren kontrako salaketarik ez jartzeko erabakia. Orain, portaera horrekin elkargoak «sinesgarritasuna» galdu duela azalduz, kargua uztea ebatzi du. Asteartean eman zuen erabakiaren berri.
Frantziako Medikuen Elkargoa ere Renouxen ustearekin bat datorrela dirudi. Erakunde horrek ere ez du begi onez hartu Pirinio Atlantikoetako sendagileen erabakia, eta atzo arratsean, beren kasara ekimena hartuta, Bonnemaison medikuaren kontrako salaketa aztertzeko batzarra egin zuten.
Mediku elkargoek, egoki ikusten badute, Bonnemaison zigortu dezakete. Justiziak medikuaren kontra abian jarria duen auzibidearen paraleloa egin dezakete, bide hori oztopatu gabe. Medikuak zazpi heriotzarekin lotura ote duen aztertzen ari dira.
Bonnemaison salatu ez dutela eta, dimisioa eman du Marc Renouxek
Pirinio Atlantikoetako Mediku Elkargoko presidentetza uzteko ziotzat du erakundearen lehengo asteko erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu