Bonnemaison salatzeko eskatu dute Frantziako Medikuen Elkargoko buruek

Baionako erietxeko sendagilearen kasua medikuen diziplina aretoak aztertzea eskatu dute

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Frantziako Medikuen Elkargoko osoko bilkurak irailaren 14an erabakiko du erakunde horretako bulegoak asteazken gauean egin bilkuran adostutako eskaeraren inguruan; alegia, Nicolas Bonnemaison Baionako ospitaleko medikuaren aurka salaketa jarriko duten erabakiko dute. Diziplina aretora eraman nahi du bulegoak Bonnemaison. Ustez zazpi eriren heriotzarekin lotura izan duelakoan, justizia sendagile hori ikertzen ari da; hasiera batean lau gaixoren heriotzarekin lotzen zuten zantzuak zeuden, baina asteon jakin da zazpi heriotza daudela susmopean. Nolanahi ere, sendirik ez dago oraindik medikuaren kontrako salaketarik aurkeztu duenik.

Bulegoaren iduriko, bizia bururatzen deneko azken uneak arautzen dituen Leonetti legea ez du errespetatu Bonnemaison medikuak. Ez ditu errespetatu, halaber, kode deontologikoko 37. eta 38. artikuluak. Artikulu horiek diote eriaren minak lasaitu behar dituela medikuak, gehiegi tematu gabe, baina ez duela eskubiderik nahitara gaixoaren heriotza eragiteko.

Elkargoko arduradunek Bonnemaisonen ekintzak kritikatu dituzte, medikuak berak egin adierazpen publikoak oinarri hartuta. Batetik, kritikatu dute medikuak bakarrik hartu izana gaixoei buruzko erabakia, erietxeko gainerako lankideei ezer ere aipatu gabe. Eta bigarrenik, eriak hiltzeko nahitarako ziztadak egin izana ere gaitzesgarritzat dute. Hiltzekotan diren eriei eta beren senideei laguntzeko bete beharreko baldintzak, heriotza horien kasuan, ez direla bete deritzo bulegoak. Horregatik hartu dute medikuari salaketa jartzearen aldeko ebazpena.

Elkargoko bulegoak galdegindu, baita ere, salaketa aztertuko duen diziplina aretoa Akitaniakoa ez izatea. Elkargoko presidente Michel Legmann medikuak, asteazkeneko bilkura aitzin, prentsari azaldu zion leku aldaketarako eskaera hori eginen zutela prozesua egokiago bideratzeko: «Sosegu eta independentzia kontuengatik izan da, susmoak lasaitzeko».

Pirinio Atlantikoetako Medikuen Elkargoak, lehengo astean, Bonnemaisonen kontrako salaketarik ez jartzea erabaki zuen bozketa bidez. Kritikak eragin ditu erabakiak, eta elkargoko presidenteak, Marc Renouxek, dimisioa eman du, erabakiaren bat ez datorrela azalduz.

Deontologia

Bonnemaison medikua diziplina aretora ekartzeko oraindik azken bozketa bat falta da, beraz; heldu den astekoa. Baina kasik egina balitz bezala dela azaldu dute elkargoko komunikazioko zerbitzukoek. Izan ere, bulegoa hamabost egun guztiz biltzen da, eta dozena bat kide dira. Osoko bilkuran, berriz, 50 kide inguru dira Frantzia osotik biltzen direnak. Diziplina aretoak epaitzen badu, deontologiaren izenean zigor dezake Bonnemaison. Epaia abisu bat izan daiteke, gaitzespen bat edota behin-behineko kargu kentze bat.

Bide judizialaren bide paralelo bat da hori. Justiziaren aldetik, Bonnemaison injekzio bidez pertsona oso ahulak pozoitzeagatik auzipetua da. Oraindik aske dago, baina espetxeratzeko eskaria egina du prokuradoreak. Datorren astean hartuko du Paueko dei auzitegiak eskari horren gaineko erabakia, hilaren 13an.

Bonnemaisonek asteon auzitegian bere buruaren defentsa egin du. «Nire asmoa ez da batere izan heriotza eragitea. Xedea biziaren azken uneetan ziren pertsona horien sufrikarioa eta familiek bizi zailtasuna laburtzea izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.