Zazpi eri pozoituta hiltzeaz akusaturik epaitu zuten Nicolas Bonnemaison Baionako erietxe publikoko medikua. Auzia ikusirik, Paueko Krimen Auzitegiak izendaturiko zinpeko epaimahaiak erabaki zuen errugabe jotzea. Ekainaren 25ean, libre utzi zuten beraz.
Baina Paueko Krimen Auzitegiko Fiskaltzak ez zuen bat egin erabaki horrekin, eta helegitea jarriko zuela iragarri zuen. Abuztuaren 6an aurkeztu zuen helegitea, eta orain ezagutu da Maine-et-Loire departamenduko auzitegiak tramitera onartu duela helegitea. Oraindik ez du datarik jarri epaiketa egiteko.
Bizi osorako kartzela zigorra arriskatzen zuen Bonnemaisonek, baina Paueko fiskalak zigor eskaria ttipitu zuen. Bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat, nahiz azkenean zinpeko epaimahaiak aske uztea deliberatu zuen. Auzian zehar fiskaltzak onartu zuen Bonnemaison ez zela hiltzaile bat, baina, epaia jakin ostean, bere iritziari eutsi zion, Bonnemaisonek legea urratu zuela argudiatuz.