Gaur jaso du Frantziako Garraio ministro Elisabeth Bornek trenbide azpiegituren inguruko aholkularien txostena, eta inoiz Euskal Herrira iritsi beharko lukeen Bordele-Akizeko zatia ez da onik aterako ikerlan horretatik. Izan ere, Azpiegituretako Orientazio Kontseiluak (COI) honako aholku hau eman du Bordele-Akize tren zatiarentzat: bertan behera uztea, edo tiraderan sartzea, epe muga urrun baterako utzita. COI hautetsi eta adituek osatutako batzorde aholkuemailea da.
Jakinekoa denez, Frantziako Gobernuak "onura publikotzat" jo du Bordele-Akize-Tolosa AHT lerro berria. Kontua da, aurrekontu arazo handiak dituela bide berriei ekiteko. Zentzu horretan, Akize arteko bidea ahaztea eta Tolosara doana zatika egitea proposatu dute aholkulariek.
Garraio ministroak otsail amaieran erabaki behar du egutegi bat Frantzian lehentasunezkotzat jo dituzten proiektuetarako. Apirilerako, berriz, mugikortasun lege berria iragarri du Emmanuel Macronen exekutiboak. Jakinekoa denez, Akize eta Gipuzkoako muga arteko trenbide berririk ez du Parisek ezarri bere lehentasunen artean, eta orain Akizekoa ere norabide berean gera daiteke. Izan ere, COIk egindako txostenaren arabera, proiektu handiei ekiteko finantzaketa bide gehiago beharko lituzke Garraio Ministerioak. "Dena ez da posible. Eta, beraz, aukeratu egin beharko da. Horrela, lurraldeen artean sakabanatuta dauden proiektu ugarien artean lehentasunak ezarri beharko dira", adierazi du aholkulari taldeak.