ELKARRIZKETA.

Borja Kobeaga: "Oraindik ez dut neure burua zinema munduko profesionaltzat"

Film laburren ataleko Oscar saria jasotzeko hautagaien artean dago Borja Kobeaga, 'Eramos pocos' lanagatik; bost finalisten artean sartu du Hollywoodeko Akademiak

2007ko urtarrilaren 24a
18:30
Entzun
Gorka Erostarbe

Donostia

Telefonoa sutan duela dio: "Jende mordoa deitzen ari zait". Ez da harritzekoa ere. Hollywoodeko Akademiak antolatu ohi duen Oscarren sari banaketan egongo dela jakin berri du --atzo--. Film laburren ataleko bost hautagaien artean dago bere Éramos pocos film laburra. 15 minutuko iraupena du filmak, eta aita-seme batzuen istorioa kontatzen du, komedia eta gordintasuna batuz. Oso gazte hasi zen film laburrak egiten Borja Kobeaga (Donostia, 1977), "etxeko bideo kamerarekin". Ikus-Entzunezkoen lizentziatura egin zuen EHUn, eta telebistan aritu da lanean --errealizatzaile, gidoigile zein zuzendari--.

Oscar sarietarako hautagai izateko 10 film laburren zerrendan sartu zintuztenean «ikaragarria» zela esan zenuen. Orain, bost hautagaien artean zaude. Zer diozu?

Bada, halabeharrak eraman nauela Oscar sarietarako hautagaien artean egotera. Honek guztiak gainditu egiten nau. Ez nuen inondik inora ere espero, oso zaila iruditzen baizitzaidan.

Ilusiorik egin al dizu?

Bai, ilusio ikaragarria egin dit. Umetan izaten diren amets horietako bat da. Gero, handitzean, beste gauza batzuk pentsatzen dituzu: garrantzitsuena lana izatea dela eta halakoak; baina umetan halako ametsak izaten dira. Apur bat umetuta nago une honetan.

Aita-seme batzuen istorioa kontatzen du Éramos pocos film laburrak. Amak utzi egiten ditu biak, eta amonarengana jotzen dute laguntza eske. Familia gatazkak interesgarri zaizkizu?

Ikaragarri. Gatazkarik interesgarrienak iruditzen zaizkit. Familiarekin bizikidetzara behartuak gaude. Familiako kideak ez ditugu aukeratzen, lagunak bezala. Hortik harreman interesgarriak sortzen dira: oso onak batzuetan, tentsioz beteak besteetan... Gainera, familia bereko senideek antzekotasunak izaten dituzte elkarren artean, eta horrek amorru handia eragin ohi die kide horiei: beraien artean antzeko jarrerak ikusteak, alegia. Harreman horiek asko interesatzen zaizkit.

Komedia beltz moduan sailkatu dute Éramos pocos. Zuk aipatu izan duzu jendearen «jarrera patetikoak» atsegin dituzula umorea egiteko.

Umorerik interesgarriena ez da txisteetatik edo berez barregarri diren egoeratatik sortzen. Guztiz kontrakoa. Grazia gutxien duten egoerek, edota egoera gordinenek sortzen dute umore erakargarriena. Aldi berean krudela eta samurra den zerbait egiten saiatzen naiz nire lanetan. Krudeltasun eta samurtasunaren arteko nahasketak egiten ditu erakargarri nire istorioak.

Zer nabarmenduko zenuke Eramos pocos-eko aktoreen lanetik?

Marivi Bilbao lurrikara baten modukoa da. Baina, normalean egin ohi duenaren guztiz kontrakoa egiten duenean gustatzen zait niri gehien. Amonatxo oiesarena egin ohi du normalean, eta oso ondo egiten du, baina, nahiago dut bere alde goxoa ateratzen duenean. Hor bikain ari dela uste dut. Alejandro Tejeriak dohain berezia du komedia egiteko. Izugarria. Ia ezer egin gabe asko espresatzeko gai da. Eta Ramon Barea oso profesionala da. Inoiz ez dut hain aktore profesional, esku-zabal eta onarekin lan egin. Hiruren konbinazioa zoragarria iruditzen zait.

Nola sartu zinen zinemaren munduan?

Poliki-poliki joan naiz, eta oraindik ez dut neure burua zinema munduko profesionaltzat. Telebistako profesionala naiz, eta orain publizitatean hasi berria naizenez, publizitateko profesionala. Baina, zinemaren munduan sarkin bat naizela iruditzen zait oraindik. Etxeko bideo-kamera batekin filmatzen hasi nintzen. Eta pixkana serioago hartzen joan nintzen. Zinemaren munduan aritzea polita eta arriskutsua da aldi berean: nire zaletasuna nire lan bihur daiteke. Arriskutsua da, baina pozbide handia ere bai.

Telebistan lan egin duzu. Besteak beste, Vaya Semanita saioa zuzendu zenuen. Esperientzia hori baliagarria izan al zaizu zure film laburretarako?

Bai, oso baliagarria. Batez ere praktikarengatik. Egunero bospasei esketx egiten direnean, eskarmentua hartzen da, eta oso baliagarri gertatzen da neurri handiagoko proiektuei heltzeko. Segurtasun handia ematen dizu esperientzia horrek, era guztietako egoerak bizi direlako horrelako saio batean. Asko ikasi dut horretatik.

Film laburrak jauzi ohol huts dira, ala genero baliozko bere horretan?

Biak dira. Jauzi ohol badira, bestela ez nintzateke oraintxe zurekin hitz egiten egongo. Eta film laburrak egin ez banitu, ziur aski inork ez luke nigan konfiantza jarriko film luze bati ekiteko. Baina, film luzeak egiten hasten naizenean, film laburrak egiten jarraituko dudala uste dut. Badira istorioak film luzeetara egokitzen direnak, eta badira laburretarako egokiagoak direnak.

Zein amets duzu zinemaren munduan?

Film asko eta asko zuzentzea da nire ametsa. 80 urte ditudanean ere filmak zuzentzen egon nahi nuke. Ordu asko igaro nahi nituzke filmatzen. Filmatzen nagoenean naiz zoriontsuen. Hori da gehien gustatzen zaidana.

Komedia beltza duzu gustuko. Zein dira zure zinema erreferentzia nagusiak?

Denetarikoak dira nire erreferentziak. Beti egin nahi izan dut Howard Hawksen komedia arin eta dinamikoen eta Michael Hanekeren iluntasun existentzialaren arteko uztarketa. Komedia-drama moduko zerbait egin nahi izaten dut beti. Marco Ferrerik Rafael Azconarekin egindako filmetan lortu zuen hori, edota Luis Berlangak. Niretzat El cochecito, El pisito edo El verdugo ezinbesteko filmak dira. Egun, esaterako, Alexander Payneren zinemarekin -Sideways, Election...- asko identifikatzen naiz. Horrez gain, Enrique Urbizuren zinema ere oso gustukoa dut. Zoragarria da.

Madrilen ari zara lanean. Zeure gogoz, ala Euskal Herrian ikus-entzunezkoen arloan lan egitea zaila delako?

Ez, inoiz ez dut arazorik izan Euskal Herrian lana topatzeko. Euskal Herrira itzuli naizenean, hain zuzen ere, lana atera zaidalako itzuli izan naiz. Zinemaren munduan errazagoa da akaso Madrilen lan egitea. Gustatzen zaidana aldiro-aldiro lekuz aldatzea da. Agian hurrena joango naiz Bartzelonara, edo Bilbora. Bilbon oso eroso bizi izan naiz, adibidez.

Nola irudikatzen duzu Oscar sarien eguna?

Ez dakit... graziaz betea. Txantxa moduko bat edo. Marivi Bilbaoren eskutik helduta, alfonbra gainean goazela, denaz barrez eta non erre litekeen galdezka. Halaxe irudikatzen dut.

Saria emango balizute, zer egingo zenuke?

Ihes egingo nuke azkar batean. Lotsa handia sentituko nuke. Ahalik eta ezkutuen igaro nahiko nuke.

Pentsaturik al duzu zeini eskainiko zeniokeen saria?

Txema Muñoz Kimuak programaren koordinatzaileari eskainiko nioke. Nire film laburrak zabaldu dituena da, eta hari esker dago nire film laburra hautagaien artean. Bera da egokiena.

Esku artean beste proiekturik ba al duzu?

Zinemarako lanak idazten eta zuzentzen jarraitu nahi nuke. Orain artean bizitza lasaia nuen. Goizetan publizitatean lan egiten nuen, eta arratsaldeetan istorioak idatzi. Eta, orain... ez dakit zer gertatuko den. Lehen proiektua sakelakoa kargatzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.