900 autobus, dozenaka milaka lagun, 2.500 boluntariotik gora, 123 kilometro. Horiek dira erabakitzeko eskubidea aldarri hartu duen giza katearen datuetako batzuk, baina, zenbakietatik harago, norbanakoen borondate politikoaren metaketa eta adierazpen ozena izango da Durango eta Iruñe artean osatuko dena. Dena prest da mugarri izan nahi duen ekinaldia egiteko.
Duela urtebete hasi zuen bere ibilbidea Gure Esku Dago dinamikak, hiru premisatatik abiatuta: "Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da". Urtebetean, herritarrak erabakitzeko eskubidearen aldeko pedagogiarekin eta era askotariko jaiekin zipriztindu ditu dinamikak, herriz herri. Sorreran, dinamikak azaldu zuen "herrietan dinamika honen inguruan garatu ahal diren ekimen ezberdinei erreferentzia eta aterkia" eskaintzea zela helburua, eta urtebetera jasotako emaitzek erakusten dute helburu hori bete dela: 150 herri batzorde baino gehiago sortu dira.
Autonomiarekin jokatzen dute batzorde horiek, eta herri bakoitzean dinamikak sortutako giroa da dinamikaren termometroetako bat. Oiartzun, Portugalete eta Bergarako adibideak bildu zituen BERRIAk, besteak beste: Oiartzunen, politikarien artean batasuna lortu dute; Bergaran, gainditu dute hondakinen auziak eragindako zatiketa; Portugaleten, egoera sozioekonomikora egokituta ari dira lanean.
Atxikimendu pertsonalak
Alderdietatik kanpo mugitu da dinamika hilabeteotan, haren lanean oztoporik ez jartzeko baino ez eskatuz. Nolanahi ere, politika, ekonomia eta kultur arloko ordezkariak izango dira katean, eta plurala izango da siglei dagokienez; azken egunetan, bertan izango direla iragarri du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, eta parte hartzera deitu du Podemos-Ahal Dugu-k. EH Bilduko eta Ezker Batuko ordezkariak ere bertan izango dira, eta baita ELA, LAB eta CCOOko kideak ere. Martxo amaieran, mahai inguru baten bueltan bildu dituen Gure Esku Dago-k Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Floren Aoiz Iratzar Sortuko fundazioko presidentea eta Gemma Zabaleta PSEko Jaurlaritzan sailburu izandakoa.
[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=niSQiHEY1_I[/Youtube]
Eta ekainaren 9an zer? Urtebeteko bidearen nolabaiteko amaiera izango da giza katea, baina sustatzaileek nabarmendu dute abiapuntua ere izango dela. Angel Oiarbide dinamikako sustatzailearen arabera, egungo oinarriari esker "norabide berri bati" ekingo diote udazkenetik aurrera. "Espazio berriak zabaldu dira hemen".