ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Borondateak josteko eguna

Aldarrikapen hutsetik harago joan nahi du Gure Esku Dago dinamikak igande honetako ekitaldiarekin. Apustu ausarta egin dute, iazko giza katean egindako planteamendua gainditu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera Euskal Herriko gizartean orokortzeko.

Doneztebeko Joste Eguna, Gure Esku Dago dinamikak antolatuta. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2015eko ekainaren 19a
11:36
Entzun

Eskuak lotzetik borondateak jostera. Giza katea osatzetik plazak nahiz estadioak betetzera. Aldarrikatze hutsetik, gauzatzeko bidean lehen pausoak ematera. Erabakitzeko eskubidearen aldeko deiadarrak elkartu zituen iaz Iruñea eta Durango; igandean, aldarrikapen horren gauzatzea irudikatuko dute milaka eta milaka lagunek Bilbon, Donostian, Gasteizen, Baionan eta Iruñean, hautetsontzi erraldoiak eraikita. Giza katearen kontzeptua gainditu eta urrats bat harago egiteko borondatea agertu du Gure Esku Dago dinamikak, bost hiriburuak aldarrikapen beraren epizentro bihurtuz.

Iruñean, zezen plazak hartuko du igandeko ekitaldi nagusia. «Ezustez beteriko jaialdi ikusgarria» izanen dela nabarmendu zuten Gure Esku Dago-ren antolatzaileek, egitasmoaren aurkezpenean. Musika, ikus-entzunezkoak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak uztartuko dituzte agertokian, baina ez da eguneko saio bakarra izanen.
Askotariko kultur eskaintza prestatu du Gure Esku Dago-k egun horretarako, eta haurrek, gaztetxoek eta helduek gozatu ahalko dute dantzaldi, bertso saio, grafiti eta kontzertuekin.

Eguerdian, adibidez, oihal katea eginen dute parte hartzaileek. Antolatzaileen esanetan, «urtean zehar jositako borondateak» irudikatzen dituzten oihal zatiekin osatuko dute katea, eta Alde Zaharreko bost plaza lotuko dituzte: Udaletxeko plaza, Santa Ana, San Frantzisko, Burgoen plaza eta Gazteluko plaza.

Iruñean, gainera, esanahi berezia izanen du ekitaldi horrek. Izan ere, Alde Zaharra osatzen duten hiru burgoak ere harilkatuko ditu kateak: San Zernin, San Nikolas eta Nabarreria. 1423. urtean, Batasunaren Pribilegioa sinatu zuen Karlos III.a erregeak, eta hiru gune horiek hiriburu bakarrean bildu zituen. Historiaren pasarte hori gogora ekarrita, nafar guztien batasuna aldarrikatu nahi dute antolatzaileek.

Oihal katea osatu ostean, kultur ekitaldiak hasiko dira plaza bakoitzean: Santa Ana plazan, adibidez, haurren txokoa paratuko dute; San Frantzisko plazan jarritako agertoki gainera, berriz, bertsolariak igoko dira; Udaletxe plazan, dantza erakustaldiak eskainiko dituzte; eta Burgoen plazan, herri kiroletako probak; Gazteluko plazan, azkenik, grafitilariak ariko dira mihise gainean margotzen.

Horrez gainera, txarangak, kiliki eta erraldoien konpartsak, jota kantariak eta bestelako animazio taldeak ibiliko dira Alde Zaharreko karriketako giroa berotzen.

16:30ean zabalduko dituzte zezen plazako ateak, jendea hurbiltzen has dadin. Ordubete geroago hasiko da eguneko ekitaldi nagusia. Ikuskizunaren «ikus-entzunezko izaera» nabarmendu dute Gure Esku Dago-ko antolatzaileek. Aitor Merino aktoreak aurkeztuko du emanaldia, eta, harekin batera, Estitxu Fernandez, Urko Aristi, Drogas, Peio Martinez de Eulate, Mikel Goñi eta Nafarroako beste hainbat pertsona ezagun igoko dira taula gainera, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriari atxikimendua adierazteko. Ekitaldiko une garrantzitsuena, ordea, hautetsontzi erraldoiaren aurkezpena izanen da. Oihal zatiekin eraikiko dute, eta «herritarren borondatearen gauzatzea» irudikatuko du, antolatzaileen esanetan. Bukatzeko, 20:00etatik aurrera, kontzertua eskainiko dute Esne Beltza, Drogas, Petti eta Juantxu Piperra musikari eta taldeek.

Bi urteko ibilbide luzea

Igande honetako ekitaldia urrats bat gehiago izanen da Gure Esku Dago dinamikaren ibilbidean. Bi urte igaro dira lehen herri batzordeak antolatzen hasi zirenetik, eta, ordutik, asko ugaritu dira Nafarroa Garaian. Egun, 65 herri batzorde daude herrialde osoan, eta dozenaka ekitaldi antolatu dituzte azken hilabeteetan, erabakitzeko eskubidearen gainean kontzientzia pizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.