Zutabe barne buletinaren azken zenbakian ETAk borroka armatuaren ziklo historikoa gainditzeko konpromiso "argia" berretsi du. Garaegunkariak eman du Zutabe-ren edukiaren berri, eta ETAk hor urtarrilaren 10ean hartutako erabakiak (su-etenarena) ez duela atzera biderik esan du, eta askapen prozesuan pauso erabakigarriak emateko erabakia dela.
Buletinean ETAk dio bere erabakia ez dela ahultasunaren edo porrotaren ondorio, ezta ezker abertzaleak hartutako erabakiek behartautakoa edo horrek hauteskundeetan parte hartu ahal izan dezan hartutakoa ere. "Irakurketa interesatuen gainetik, ETAren erabakiak hamarkadotan egindako ibilbidearen gainean hartuak izan dira, askapen prozesuaren garapenaren segida gisa eta gerau bururaino eramateko xedez".
"Ezker abertzaleak egoeraren irakurketa egokia egiten asmatu zuen"
ETAren ekimena: aldaketa politikoa gauzatzeko borondatea eta konpromisoa du izenburu Zutabe aldizkariko artikuluak. Bere erabakian bi baldintza politiko izan zirela azaltzen du: "Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen jendarteratzea, batetik, eta gatazka politikoa bide politiko eta era elkarrizketatuan konpontzeko herri nahia, bestetik". Ezker abertzaleak egoeraren irakurketa egokia egiten asmatu zuela dio ETAk, eta, "bere iniziatibaz, egoera iraultzeko aukera abian" jarri zuela.
Urtarrilaren 10ean jakinarazi zuen erabakiak (su-etena ematearena) bi hartzaile zituela dio ETAk. Nagusia, erakunde armatuaren hitzetan, euskal gizartea. Bestea, nazioartea, "presioa bideratuz, estatuaren blokeo posizioan higadura eragiteko". ETAk Brusaleko Adierazpenaren eskaerari erantzun pobitiboa eman ziola nabarmendu du. ETAren ustez, ordea, Espainiako Estatuak ez du konponbide prozesu baterako benetako borontaterik, eta Euskal Herria Espainiari lotuta mantentzeko jarrera izango duela ere iragarri du.
Atarikoa atalean, Euskal Herriaren erronka: bidegurutzetik irabaz bidera izenburupean Euskal Herriak aktibo izan behar duela dio ETAk, eta ez dela begira egoteko garaia "alderdien arteko elkarrizketak noiz abiatuko, akordioak noiz erdietsiko eta estatuek noiz errespetatuko". Ezker abertzaleak iniziatiba politikoa hartu eta agenda politikoa markatzen ari dela nabarmendu du ETAk Zutabe-n, eta Euskal Herriaren aldeko indarrak antolatzen hasiak direla eta, "gero eta gehiago, Espainia eta Frantziaren bidegabekeriari aurre egiten" ari direla.