Politika

Borroka molde guztiak indar metaketaren mesedetan jarriko ditu ezker abertzaleak

Eztabaida prozesua amaitutzat jo du ezker abertzaleak, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eginiko herrialde batzarretan. Prozesua bueltarik gabea izan dadin, indarrak biltzera deitu ditu indar aurrerakoiak. Soilik "bitarteko politiko eta demokratikoak" erabiltzeko konpromezua berretsi du, eta, halaber, "soilik masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa" egin ditu bere.

2010eko otsailaren 16a
19:59
Entzun
Ezker abertzaleko militantziak ontzat eman du prozesu demokratiko bat eraikitzeko apustua. Ondorio guztiekin. «Jarduera molde guztiak apustuaren zerbitzura» jarriz, «indar metaketaren mesedetan», alegia. Horrela jaso du Zutik Euskal Herria izenburuko ebazpenean, jarraitu beharreko estrategiaz duela hilabete batzuk hasitako eztabaidari amaiera eman dion ebazpenean. Joan den asteburuan, ezker abertzaleak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeko batzarrak egin ditu. Seiehun militante inguruk parte hartu du batzar horietan, 270 herriren ordezkari gisa. Batzar horietan, egoera politikoaren inguruko gogoetarekin batera, eztabaida prozesuaren balantzea egin dute, eta 2010erako plangintza zehaztu dute. Halaber, Zutik Euskal Herria ebazpena berretsi dute.

Ebazpenean, eztabaidaren mamia laburbildu du ezker abertzaleak, aurrera begirako bidea finkatzeko asmoz. Ezker abertzaleak uste du aldaketa politikorako baldintzak sortuta daudela, eta baliatu beharra dagoela. Aldaketa gauzatzeko garaia iritsi delakoan dago. «Hamarkadotako lan, esfortzu eta borrokaren bidez zabaldutako ate hori zeharkatu eta aldaketa politikoa gauzatzea da orain erronka. Badago horretarako nahikoa baldintza. Baldintza horiek probestuz aldaketa gauzatuko duen estrategia eraginkorra zehaztea da gakoa». Izan ere, ezker abertzalearen irudiko, «orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu».

Autodeterminazioaren eta lurraldetasunaren korapiloak askatuta, esparru demokratikoa eraikitzeko helburua gauzatzeko prozesu demokratiko bat abiatzea ezinbestekotzat jo du ezker abertzaleak. Alde bakarreko erabakia da. Arazoak gorabehera, denboran eutsi beharko dion prozesu bat izango dela onartuta. Beraz, «sartu-irteerarik gabekoa».

Lanabes berriak

Aldaketarako, ezker abertzalearen ustez, «ezinbestekoa da geroz eta zabalagoa izango den indar metaketa bideratzea» eta «konfrontazioa eremu politikora eramatea». Izan ere, Zutik Euskal Herria ebazpenak jasotzen duenez, fase politiko berriak eskatzen du eragiteko molde guztiak apustuaren zerbitzura jartzea, hau da, «indar metaketaren mesedetan». Horregatik, fase berrirako erabili beharreko tresnak mugatu egin ditu ezker abertzaleak: «Indar metaketaren norabidean masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea izango dira prozesu demokratikoaren tresna bakarrak». Horrez gain, «herri babesa izango da berme bakarra, eta herri mugimendua akuilurik eraginkorrena».

Prozesuak nolakoa izan behar duen ez du zalantzarik utzi: «Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik eta esku-sartzerik gabe garatu behar da, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell senatariaren printzipioen baitan arautuz».

Ezker abertzaleak itxaropena du prozesu demokratikoak «geroz eta antolakuntza, indar metaketa, borroka eta babes herritar handiagoa» ekarriko duela, eta horri esker gutxieneko askatasun demokratikoak eskuratu, presoen askatasunerako urratsak egin eta nazio eraikuntza arnasberritu ahal izango direla.

Ezker abertzaleak ebazpenaren aurrerapenaren berri eman zuen atzo prentsa ohar baten bidez, eta bertan bi dei egin zituen. Batetik, euskal gizarteari eta indar aurrerakoiei, «prozesu hau atzeraezin bihurtzeko indarrak batzera». Bestetik, nazioarteko komunitateari, «prozesu hau lagun dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.