Borrokaldia hasi dute 420 presok, Uribetxeberriaren egoera salatzeko

Frantziako eta Espainiako estatuetako 38 espetxetan daude gose greba mugagabeanHerrira-k dio Uribetxeberria preso edukita Espainiak «oztopoak» jarri nahi dizkiola «bake eta irtenbide garaiari»

Atzo Donostiako Ospitalearen aurrean eginiko protesta. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, 420 euskal presok borrokaldia hasi dute Josu Uribetxeberriaren egoera salatzeko eta «berehala» aske utz dezatela exijitzeko. Haietako gehienak —400 inguru— gose greba mugagabean daude, eta besteak borroka molde ezberdinak erabiltzen ari dira: itxialdiak, kartzelako janaria jateari uko egitea, elkarretaratzeak eta Espainiako Barne Ministeriora gutunak bidaltzea, besteak beste.

Presoez gain, Donostiako Ospitalearen aurrean ere ari dira hainbat pertsona baraualdia egiten. Atzo egindako prentsaurreko batean, Jon Garai eta Fran Balda Herrira-ko bozeramaileek testu bat irakurri zuten, haiekin batera gose greban dauden beste zortzi lagunekin. Uribetxeberria eta gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru presoak berehala askatzeko eskatu zuten, eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatu zuten. Herrira-ren arabera, Espainiako Gobernuak «oztopoak» jarri nahi dizkio «bake eta irtenbide garaiari» Uribetxeberria preso edukita. Prentsaurrekoan, Arrasateko presoa «lasai» dagoela nabarmendu zuen Garaik, nahiz eta aitortu ertzainek larunbatean ez ziotela lo egiten utzi eta «iraindu eta probokatu» egin zutela.

Era berean, Garaik eta Baldak iragarri zuten aste honetan mobilizazioak egingo dituztela egunero ospitalearen aurrean, eta protesta horietan erakundeetako, Elizako eta presoen kolektiboko ordezkariek parte hartuko dutela. Mobilizazio horiek Espainiako Gobernuak Bilbo, Gasteiz eta Iruñean dituen ordezkaritzetara zabalduko dituztela jakinarazi du Herrira-k. Gaurtik aurrera, elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, 12:00etan.

Era berean, ezker abertzaleak, basquepeaceprocess.info webgunearen bidez, nazioarteko eragileei dei egin die gutun bidez euren «kezka» agertzeko Espainiako Gobernuaren enbaxadei, eta Uribetxeberriaren egoeraren berri emateko haien herrialdeetako komunikabideei.

Irlandako Sinn Fein alderdiak, berriz, ohar batean, Espainiako Gobernuari eskatu dio Uribetxebrria aske uzteko. Iazko urrian Aieteko Konferentzia egin zenetik Espainiako Gobernuak urratsik ez duela egin salatu du alderdiak.

Espetxeetako protestak

Etxerat-ek jakinarazi duenez, guztira Frantziako eta Espainiako estatuetako 38 espetxetan hasi dituzte gose greba mugagabeak. Frantziako estatuko 11 espetxe hauetan: Bordeaux-Gradignan, Chalons en Chanpagne, Clairvaux, Fleury (emakumezkoak eta D2 eta D3 moduluetako presoak), Fresnes (gizonezkoak), La Sante, Liancourt, Lyon Corbas, Moulins,Poitiers-Vivone, Saint Maur eta Tarascon.

Ramon Sagarzazuk ere —Arlesen preso dago— gose greba mugagabea hasi du, Uribetxeberriaren egoera salatzeko eta «Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea» exijitzeko; harekin elkartasunez, Iñaki de Bergara eta Ibon Elorrieta presoek uko egingo diote espetxeko janariari. Fresnesko emakumeek, berriz, espetxeko janariari uko egingo diote eta txandakako baraualdiak eta elkarretaratzeak egingo dituzte. Il de Reen, espetxeko janariari uko egingo diote eta txandakako baraualdiak eta gutun bidalketak egingo dituzte. Joux la Villen, espetxeko janariari uko egingo diote. Nanterren, itxialdian dira, Uribetxeberria askatu arte. Rennesen, elkarretaratzeak egin eta gutunak bidaliko dituzte. Villefranchen, asteazkenera arte txandakako baraualdiak egingo dituzte, eta Villepinten, baraualdia egin zuten atzo.

Muret Seyssesen, berriz, Itziar Moreno eta Oihana Garmendia presoek baraualdia egin zuten abuztuaren 9an. Hurrengo egunean, patiora atera ziren kartelekin, eta, Etxerat-ek jakinarazi duenez, istiluak izan zituzten espetxeko funtzionarioekin. Presoak lurrera bota eta arrastaka eraman zituzten ziegetara. Larunbatetik, gose greba mugagabean daude bi presoak.

Espainiako Estatuan, berriz,27 espetxe hauetan daude gose greban: A Lama, Algeciras, Almeria, Badajoz, Brieva, Caceres, Castello II (3. eta 4. moduluetako presoak), Daroca, Estremera, Granada-Albolote, Herrera de la Mancha, Huelva, Jaen, Kordoba, Mansilla, Murtzia I eta II, Navalcarnero, Ocaña I, Picassent, Puerto I, II eta III, Sevilla II, Soto del Real —emakumezkoak, bakartze ziegan dagoen preso bat eta 2. moduluko hiru gizonezko—, Valentzia —zigorrak dituzten presoak— eta Villena. Logroñoko presoek ere hasi dute gose greba mugagabea, Arnaldo Otegik igandean Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi zuenez.

Teruelen, espetxeko janariari uko egingo diote ostegunean eta ostiralean, eta Soto del Realeko bigarren moduluko hiru gizonezkoak gose greba egingo dute gaurtik ostiralera bitarte. Puerto IIIko presoek, berriz, espetxeko janariari uko egin zioten atzo, Mikel Egibarren senideek izandako istripua salatzeko —gaurtik gose greba mugagabean dira—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.