EAJko Alor Instituzionaleko arduradun Koldo Mediavillak bere blogean argitaratutako sarrera batean adierazi duenez, "agerikoa" da "ezker abertzaleak edo ETAk berak idatzitako bide-orria ez dela euren aurreikuspenen arabera gauzatu". Horregatik, uste du "errealitatera egokitu" egin behar direla indarkeriaren amaierako parametroak.
Mediavillaren iritziz, jardun armatua behin betiko amaitzeko ETAren borondatea "egiazkoa eta zintzoa" da; hala ere, galdetu du "zertarako" nahi dituen armak "indarkeria behin betiko baztertzea erabaki duen erakunde batek".
Bestalde, kritikatu du ezker abertzaleak ETAri protagonismoa ematen diola, eta erantsi du erakunde armatuaren zain egotea "ahultasun keinu bat" dela. "Ez dut subordinazioa esango, baina bai heldutasun eza. Egia bada dualismo politiko-militarra amaitu dela, zertara dator ETAren posizionamenduen zain egotea urrats berriak egiteko?", esan du.
Gobernuak, geldi
Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela euren jarrera aldatuko ohartarazi du Mediavillak, eta Madrilen zain egotea hari "protagonismo guztia" ematea dela uste du. Balizko desarme batez, azaldu du elementu "sinboliko" bat izango litzatekeela "praktikoa" baino gehiago.