Emakume immigranteek eta beltzek dute genero indarkeria pairatzeko arrisku handiena. Miguel Angel Mateo Alacanteko Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) irakaslearen ustez, bi baldintza horiek betetzen dituzten andreak dira ahulenak indarkeria mota horren aurrean. Immigrazioaren eta biolentzia matxistaren inguruko jardunaldi bat egin zuten atzo Donostian, Kursaalean. Han parte hartu zuen Mateok. Biktimei arreta eskaintzen dieten elkarteetan eta immigrazio arloan lan egiten duten 200 profesional inguru elkartu ziren.
Mateoren arabera, gizarteratze eta berdintasun politikak garatzea da «egiturazko indarkeriari» aurre egiteko modurik eraginkorrena. Erakundeek immigranteei babes berezia ematea garrantzitsua dela uste du; horrez gain, gizarteak ere borroka horretan sartu behar duela adierazi du: «Emakume etorkinei gizarteratzen lagundu behar diegu, familiaren eta norbanako bakoitzaren harremanetan». Nabarmendu duenez, genero indarkeriaren jatorria ez dago immigrazioan: «Bizi garen gizarte berdintasunik gabean, matxistan eta patriarkalean baizik».
Hamalau urteko zigorra
Gizonezko bati hamalau urteko kartzela zigorra ezarri diote, adingabe bat urte eta erdiz behin baino gehiagotan bortxatu zuela egotzita. Gizonezkoa adingabearekin bizi zen Gipuzkoako herri batean, 2008an lehen aldiz eraso egin zionean. Epaiaren arabera, erasotzailea 23 urtez ezingo da gerturatu biktimarengana, eta 50.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.
Eibarko (Gipuzkoa) gizonezko bat, berriz, bi urte eta bederatzi hilabetera zigortu du Gipuzkoako Auzitegiak; bikotekidea fisikoki eta psikikoki gaizki tratatzen zuela leporatzen diote. Bestalde, Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, herenegun, bikotekide ohiari eraso egin ziolakoan. Azken hamar egunetan beste bi aldiz ere atzeman dute, iloba erretzen saiatzeagatik eta motor bat lapurtzeagatik. Tolosako Auzitegiak kartzelara bidali du.
Bortxa nozitzeko arrisku gehien andre beltz eta etorkinek dutela ohartarazi dute
Gizon bati hamalau urteko zigorra ezarri diote, adingabe bat behin baino gehiagotan bortxatzea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu