Lasarte-Oriako Udalak adierazpen baten bitartez salatu du kasua. Azaldu du urriaren 24an bortxatu egin zutela salatu zuela emakume batek. Ertzaintzako iturriek BERRIAri baieztatu diote salaketa, eta jakinarazi dute hilaren 27an pertsona bat atxilotu zutela, 24 urteko mutil bat. Salaketa jarri duen neska, berriz, adingabea da. Epailearen esku utzi zuten atxilotutako mutila.
Udalak "babes osoa" azaldu dio salaketa jarri duen emakumeari. "Ez da onargarria; mingarria eta errepikaezina da, izugarria eta oso larria". Herritarren arteko bizikidetza arriskuan jartzen dute horrelako ekintzek, udalaren esanetan. "XXI. mendean gure kaleetan halakorik gertatzea ez da salaketa hutsean geratu behar den zerbait".
Herriko hainbat taldek elkarretaratzera deitu dute etziko, eta bat egin du udalak: 19:00etan izango da protesta, Okendo plazan.