Neskaren familiak salatu duenez, larunbatean 20:00 aldera gertatu zen erasoa, dantzaleku bateko aparkalekuan. Mutil adingabe batekin joan zen hara, eta orain Ertzaintza ari da zehazten zer gertatu zen han. Ondoren, lagunekin harremanetan jarri zen neska, eta bortxatu egin zutela azaldu zien. Neska Eibarrera eraman zuten erietxera, eta familiak atzo goizean jarri zuen salaketa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu du salaketa bat jaso dutela, baina ikerketaren inguruko xehetasunik ez du eman.
Elgoibarko Udalak adierazi du eskura dituen baliabide guztiak eskaini dizkiola neskaren sendiari. Herrian hainbat kartel agertu ziren erasoa salatuz, eta Emakumeen Batzarrak elkarretaratzera deitu du gaurko, arratsaldeko zortzietan Kalegoien plazan.
Emakundek ere gaitzetsi du gertakaria: "Emakundek gizarteari gogorarazten dio indarkeria mota hau emakumeei zuzendutako mehatxu tresna bat dela, egun indarrean dauden genero arauak aldatu ez ditzaten, eta gizarteari dei egiten dio honelako indarkeria kasuen aurrean sentitzen duten nazka eta gaitzespena adierazteko".