Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria eta Bortzirietako alkateak etzi batzartuko dira, Nafarroako zonalde horretako herritarrak Gipuzkoan artatzeari utzi diotela-eta azalpenak emateko. Hala jakinarazi dio BERRIAri Jon Abrilek, Berako jarduneko alkateak.
Arantzako, Berako, Etxalarko, Igantziko eta Lesakako herritarrak Irungo (Gipuzkoa) eta Donostiako erietxeetan artatu izan ohi dituzte, baina gero eta gaixo gehiago Iruñeko ospitalera bideratzen ari direla salatu zuten iragan ostegunean herri horietako alkateek. Bideratze gehienak Donostiako Onkologikotik egiten ari direla salatu zuten; baina, Bortzirietako gaixoen txostenak Iruñera bideratzeko erabakia Nafarroako Gobernuarena dela azaldu zuen atzo Euskadi Irratian Jon Etxeberriak, Onkologikoko gerenteak: «Onkologikoan ez daukagu inolako arazorik pertsona horiei tratamendua emateko. Hori Nafarroaren arazoa da, eta eurek eman behar dute baimena. Guk orain arteko arreta bera eskainiko diegu Bortzirietako pertsonei».
Abrilen ustez, Onkologikoko arduradunaren adierazpenek «agerian» uzten dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, osasun arretari dagokionean, irizpidez aldatu dutela, eta irizpide berri horiek ekonomikoak direla: «Nafarroako herritarren artatzearen gastua bere gain hartu zuen bere garaian Osakidetzak, baina berriz ere Osasunbideari pasatu dionean gastu hori, Osasunbideak erran du ez diola Osakidetzari ordainduko, merkeago ateratzen zaiolako Bortzirietako gaixoak Nafarroako beste erietxe batzuetan artatzea».
Osteguneko bileraren harira, Abrilek uste du egoeraren erantzukizuna Osakidetzari egotziko diola Verak: «Uste dut irizpide ekonomikoak aipatu dituela, eta pilota Osakidetzaren teilatura botako duela». Verak gaur hartuko ditu Arkupeak Nafarroako Mendialdeko Jubilatuen Elkartekoak, osasun arretaren bideratzeen berri emateko.
«Ez diegu ezer zor»
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak iragan larunbatean nabarmendu zuenez, Osakidetzak ez du erantzukizunik Bortzirietako herritarrak artatzearen aferan. Bestalde, Bengoak ziurtatu zuen «jasotzen dutena baino gehiago ematen duten erkidegoen» gastua orekatzeko funts bat sortzea proposatuko duela Eusko Jaurlaritzak Espainiako lurralde arteko Osasun Batzordearen hurrengobileran.
Kantabriako Gobernuaren (Espainia) iritziz, ordea, Eusko Jaurlaritzari ez lioke mesederik egingo funts hori sortzeak. Izan ere, Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako Gobernuko Osasun sailburuak esan du Euskal Autonomi Erkidegoak ez duela ematen duena baino gehiago jasotzen: «Ez diegu ezer zor. Euskal herritar ugari artatzen ditu Kantabriak, eta Kantabriako herritar ugari artatzen dituzte han, Castro Urdialesekoak, batez ere».
Bi lurraldeen arteko gaixo fluxuen datuak esku artean dituztenean, Eusko Jaurlaritzako eta Kantabriako Gobernuko Osasun sailak batzartu eta datu horiek aztertu beharko dituztela azaldu du Saenz de Buruagak. Bi exekutiboen arteko lankidetza «elkarrekikotasunean eta orekan» oinarritu dela nabarmendu du; oinarri horiei eutsi ahal izateko, Saenz de Buruagak espero du gobernuek osasun arloan dituzten harremanak «konpondu» egingo dituztela. Hark ere Lurralde Arteko Osasun Batzordea izan du ahotan; batzordea urtarrilerako edo otsailerako deitzekotan den bileran, osasun arloan administrazioen artean sortu diren gatazkei irtenbide bat emango diotela uste du Saenz de Buruagak.
Bortzirietako erien arretaz azalpenak emateko, etzi bilduko da Vera alkateekin
Lesaka, Igantzi, Etxalar, Bera eta Lesakakoak artatzeko Nafarroaren baimena behar duela argitu du Onkologikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu