Gipuzkoan, Urnietako EAJk, Bilduk eta PSE-EEk bat egin dute, Urnietarrok birziklapenaren alde kanpaina aurrera ateratzeko. Bihar emango dituzte kanpainaren xehetasunak, baina dagoeneko jakinarazi dute herrian bosgarren edukiontzia jarriko dutela, hondakin organikoak bereizita biltzeko.
"Udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdiak, alegia, EAJ, PSE-EE eta Bildu ados jarri dira, materia organikoaren birziklatze tasa handitu ahal izateko", adierazi dute ohar batean, biharko agerraldiaren aurrekari. Adostasunaren "erreferentzia gune" bilakatuko du Urnieta akordio horrek, sinatzaileen esanetan.
Urnietako Bilduko Andoni Urbistondo zinegotziak arratsaldean esan du ez dela egia eurek bosgarren edukiontziaren alde egin dutenik. Udalbatzarraren erabakia errespetatu dutela dio. "Bildu materia organikoaren birziklatze tasa handitzearen alde agertu da EAJ eta PSErekin, herrian ordezkaritza duten beste bi alderdiekin. Urnietako udalbatzak bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia hartu zuen gehiengo osoz, EAJ eta PSEren aldeko bozekin, pasa den legegintzaldian. Urnietako Bilduk atez ateko sistemaren aldeko hautua egin du baina, udalbatzako gehiengoak bosgarren edukiontziaren alde egin duenez, erabaki hori errespetatzen dugu".
Mikel Pagola da Urnietako alkatea. EAJk irabazi zituen hauteskundeak iaz, 960 botorekin; boto gutxiagorekin (934) baina zinegotzi kopuru berarekin geratu zen Bildu, bostekin. PSE-EEk 719 boto eta hiru zinegotzi dauzka. Gipuzkoan hiru alderdiok gisa horretako akordio bat egin duten lehen aldia da.
Atez atekoaren parte hartze prozesuak
Gipuzkoan atez atekoa jartzekotan diren herriek beren lanak egiten jarraitzen dute. Gaur, Lezok aurkeztu du atez atekoa jartzeko parte hartze prozesua. Azaroaren 12an hasiko dira. Hondakinak biltzeko sistema hori ezartzeko, bi hilabeteko prozesua egingo dute, herritarrei informazioa emateko eta haien ekarpenak jasotzeko.
"Lezo ez da iristen %28ko birziklatze tasara, Gipuzkoako %32ko batez bestekoaren azpitik gaude. Gaur egungoak baino birziklatze maila altuagoak lortu behar ditugu, ahalik eta altuenak, eta udalak proposatzen duen atez teko gaikako bilketak eman ditu emaitzarik onenak", adierazi du Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak.
Astigarragan ere aurrera doa prozesua. Azaroan hasiko dituzte bilerak herritarrekin, atez atekoa jartzeko. Oñatin, berriz, atzo ireki zuten bulegoa, herritarrei informazioa emateko bilketa sistema horri buruz.