URTEKO ALBISTEAK

Bost albiste, hamaika eztabaida

Gertakariz jositako urtea izan da 2012a, eta horietako batzuek interes handia piztu dute irakurleen artean. Segidan daudenak dira BERRIA.INFOn urte osoan gehien irakurri diren bost albisteak.

jon olano
2012ko abenduaren 31
17:11
Entzun

Hamaika gertakari, hamaika protagonista izan ditu atzo amaitu zen urteak, eta batzuek besteek baino arreta handiagoa piztu dute irakurleen artean. Hauteskunde urtea izanik, bozak izan dira urteko arreta gune nagusietako bat, eta BERRIA.INFOn jasotako bisitek igoera izan zuten urriaren 21ean.

Politika, gizarte eta kultur alorretako albisteek piztu dute, bereziki, Interneteko edizioko irakurleen interesa. Izan ere, gai horietakoak izan dira urte osoan irakurle gehien izan duten albisteak. Egin Dezagun Bideak urtarrilaren 7an presoen eskubideen alde egin zuen manifestazioak jendetza elkartu zuen Bilboko kaleetan, baina baita sarean ere. Egun batzuk geroago hil zen euskal kulturan eta politikan erreferente den Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Bestalde, Euskal Herria Esnea produktuak euskara hutsean etiketatzeagatik zigortzeak eta legebiltzarkideek ETBko Euskal Kantuen Gauean abestutakoaren harira Jon Eskisabelek idatzitako artikuluak eztabaida handia piztu dute.

Atzerago, oihartzun handia izan duten beste gertakari batzuk: besteak beste, Ertzaintzaren pilotakada batek jota Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea hil zuenekoa eta Maite Asensiok idatzitako Emakumea bere bakardadeankontakizuna.

1. EAJ izan da garaile, 27 eserlekurekin, eta Urkullu izango da lehendakari (2012-10-21)

Urriaren 21ean izan ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta EAJk irabazi zituen bozak. 27 eserleku eskuratu zituen, eta EH Bilduk, berriz, 21. Iñigo Urkullu izendatu zuten lehendakari, inbestidura saioan soilik EAJren babesa lortuta. Hauteskunde gaueko jarraipen zabala egin zuen BERRIA.INFOk, eta emaitzekin webgune berezia osatu.

2. Bilbok gainezka egin du, bi gobernuei gaurko espetxe politikaren bukaera eskatzeko (2012-01-07)

Milaka eta milaka herritar elkartu ziren Bilbon urtarrilaren 7an, Egin Dezagun Bidea elkarteak deituta, euskal presoen eskubideen alde. Urteetako manifestaziorik handiena izan zen. 31.600 metro koadro bete-beteta geratu ziren, mugarri izan zen martxan. Aurtengoa errepikatu nahi du Herrira-k urtarrilaren 12an.

3. Euskal Herria Esnea kooperatiba salatu dute, produktua euskara hutsean etiketatzeagatik (2012-09-06)

Euskal Herria Esneak eman zuen berria irailean: kooperatiba sortu berria salatu dute, etiketak euskara hutsean izateagatik. Kooperatiba berriaren izenak "nahasmena" sor dezakeela seinalatu zion Eusko Jaurlaritzari Kaiku Kooperatibak. 4.000 euroko isuna jarri zion Patxi Lopezen exekutiboak, baina zigorra bertan behera uzteko eskatu zioten Iñigo Urkulluri.

4. Txillardegi hil da (2012-01-14)

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zen urte hasieran, 82 urte zituela. Aitzindari izan zen politikagintzan, hizkuntzalaritzan eta literaturan. Pentsalari eta ekintzaile, obra zabala eta ideia sorta utzi ditu ondare. LIteraturan, Leturiaren egunkari ezkutua izan zen bere lan nagusia, eta politikagintzan, ETAren sortzaileetako bat izan zen. Harei buruzko gehigarri berezia argitaratu zuen BERRIAk heriotzaren biharamunean.

5. Gorroto duzun hori (2012-12-11)

Eusko Legebiltzarreko talde guztietako ordezkariek Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori kanta abestu zuten ETBko Euskal Kantuen Gaua saioan, eta Gorroto duzun hori artikulua idatzi zuen Kultura Sailerako Jon Eskisabelek. "Begi bistakoa da zer egin duten kantuarekin, esanahia ebatsi, hutsaldu eta desitxuratu. Errespetua galdu. Zikindu. Ez dut imajinatzen Ku Kux Klanekoak Strange Fruit abesten telebista publiko batean", idatzi zuen Eskisabelek. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren testuinguruan sortu zuen Ordorikak kanta hori. Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak erantzun zion beste artikulu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.