Bost atxilotu, Bilboko gazte baten hilketarekin lotuta

Basurtuko ospitalean tiroz zaurituta utzi zuten 29 urteko gizona; droga tratuekin lotu du Ertzaintzak hilketa

Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak bost pertsona atxilotu zituzten asteartean, bi Bilbon eta hiru Valentzian (Herrialde Katalanak), uztail hasieran Bilbon izandako hilketa batekin lotuta: 29 urteko gizonezko bat zendu zen tirokatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ohar bidez jakinarazi du auziaren inguruko hipotesi nagusia droga trafikoarekin lotuta dagoela.

Uztailaren 2ko gauean gertatu zen hilketa, eta hasieratik hartu zuen itxura txarra: 23:15ean, furgoneta batean heldutako bi lagunek gaztea larri zaurituta utzi zuten Basurtuko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetako atean, eta ihes egin zuten, hari buruzko informaziorik eman gabe. Bala batek eragindako zauri larria zuen biktimak sabelaldean, eta gutxira zendu zen.

2008ko azarotik Bizkaian tiro baten ondorioz hildako lehen pertsona zen. Biktima Kolonbiakoa zen jatorriz, baina 2003tik bizi zen Bilbon. Mekanikari ziharduen, eta 6 urteko haur baten aita zen; haren bikotekideak eta ingurukoek hedabideetan adierazi zuten ez zeukala arazo larririk, eta ez zekitela zerk eragin zuen hilketa.

Hiru gizon eta bi emakume

Hiru gizon eta bi emakume dira herenegun atxilotutakoak, eta denek dituzte 20 eta 30 urte artean. Herrizaingo Sailak, halere, ez du zehaztu zein delitu leporatu dioten bakoitzari, baina azaldu du hasieratik susmatu zutela gaztearen ustezko hiltzailea Valentzian zegoela. Era berean, droga tratuen abagunean izandako desadostasunei egotzi die Ertzaintzak hilketa. Epailearen aurrean deklaratzera eramango dituzte bostak datozen orduetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.