Leherketa

Bost bizkaitar hil dira gas leherketa baten ondorioz, Laredon

Gas leherketa handia izan da goizaldeko lau eta erdiak inguruan Laredoko (Kantabria, Espainia) etxebizitza batean. Leherketak kalte ikaragarriak eragin ditu eta bost bilbotar hil dira. Gas propano leherketa izan den eraikineko goiko pisuan bizi ziren eta kea arnastuta hil dira. Batetik familia bereko hiru kide: aita, ama eta 37 urteko alaba. Eta bestetik ondoko atean bizi ziren adineko emakume bat eta hura zaintzen zuen pertsona hil ditu leherketak. Eztandak kalte ikaragarriak eragin ditu eta beste hamar pertsona ere zauritu dira. Horietako lau oso larri daude Gurutzetako Ospitalean. Leherketaren ostean izan den sutea ikusten da argazkian. (Santanderreko El Diario Montañes egunkariaren webguneko argazkia, Rafa Sanchezena, hain zuzen).

2006ko uztailaren 27a
16:01
Entzun
Hildako senar-emazteak 78 urteko Jaime Bilbao eta 70 urteko Trinidad Lopez izan dira. Lehena Mungian (Bizkaia) jaio eta bigarrena, berriz, bilbotarra. Beraien alaba ere hil da ezbeharrean; 37 urteko Ana Maria Bilbao hain zuzen. Bestalde 93 urteko emakume bat eta hura zaintzeaz arduratzen zen emakumea ere hil dira. Emilia Ballesteros zuen izena adineko emakumeak eta Ortuellakoa (Bizkaia) zen. Zaindarik Elsa Taboada zuen izena eta izatez Boliviakoa zen, bi urte zeramatzan Emilia Ballesterosen zaindari bezala lanean.

Getxoko familia bat egoera larrian

Gas leherketa izan den lekutik gertu dago Laredoko erietxea. Bertan daude sei zauritu arinenak. Beste lau zaurituak Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte; hain zuzen ere erredura larrienak dituztenak. Getxoko (Bizkaia) familia bat da: aita, ama eta bi semeak-alaba. Lau urteko mutikoa eta zortzi urteko alaba.

Bigarren eta hirugarren mailako erredurak dituzte eta oso larri daude. Julen Ballesteros erietxeko zuzendariak adierazi duenez seme txikienari –lau urtekoari– ebakuntza egiten hasi dire goizeko hamaiketan. Bigarren eta hirugarren mailako erredurak ditu honek ere, aurpegian, enborrean eta gorputz adarren. Gorputz erdia erreta dauka eta bere egoera oso larria dela adierazi du.

Laredoko alkate Santos Fernandez Revolvok, ez ohiko bilera deitu du. Alderdi guztietako ordezkariek ezbeharrari buruzko ikerketaren datuak aztertuko dituzte eta erabaki beharko dute etxetik kanpo lo egin beharko duten pertsonei non eta nola eman ostatu. Izan ere, gutxienez 31 bizilagun geratu dira lo egiteko lekurik gabe.

Ezbeharra izan den lekuan psikologo talde bat ari da lanean hildakoen eta zaurituen senideei laguntzeko. Bizilagun ere bertan dabiltza batera eta bestera. Pijaman oraindik, etxetik atera dituzten bezalaxe. Suhiltzaileak eta udal teknikariak eraikina barrutik aztertzen kalteak zenbaterainokoak izan diren aztertzeko. Suhiltzaileek beharrezko gauzak atera dizkiete bizilagunei, besteak beste, botikak.

Leherketak 40 metrotara bidali ditu hainbat objektu. Eraikina erabat belztuta dago, kristalak hautsita eta leiho zein balkoietako burdinak aterata daude. Batik bat bigarren eta hirugarren solairuan atzematen dira goizaldean izandako leherketa gogorraren ondorioak.

Ezbeharraren nondik norakoak

Gas isuria eta ondoren leherketa handia zer eragin dituen ikertzen ari dira. Lehen datuen arabera, Gurutzetako Ospitalean oso larri dagoen Getxoko familiaren etxean gertatu dela ezbeharra. Familia horren etxean izan da leherketa eta ondorioz, gainean, hirugarren pisuan bizi ziren bizilagunak hil dira.

Lehenengo analisiek diotenez eraikuntzaren egitura ez dago kaltetua, izan ere eraikuntza hoztu arte ez dute bigarren analisia egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.