Bost dira asteburuan Guardia Zibilak Nafarroako atxilotu dituen gazteak. Gaur eguerdi arte lauren berri zuen Askatasunak, baina polizia iturriek gaur goizean bosgarren atxilotu baten berri eman ostean hala dela baieztatu du. Askatasunak azaldu duenez, ostiralean Alberto Lopez Iborra Barañaingo bizilaguna atxilotu zuten, baina gaur arte ez dute jakinarazi. Gaur goizean eraman dute Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearengana Lopez Iborra, eta epaileak kartzelara bidali du, baldintzarik gabe.
Vicente Gonzalez Mota fiskalak eskaera horixe egin dio, gaztea erakunde armatuko kide delakoan, ustez Segiko kidea delako.
Gainerakoan, larunbat arratsaldean Maider Caminos atxilotu zuten Astrainen. Igande goizaldeko ordubi eta erdiak aldera, berriz, Amaia Legarra atzeman zuten Gartzarunen. Maitane Intxaurragaren atxiloketa iritsi zen hurrena, atzo eguerdian Arbizun. Eta, azkenik, atzo arratsaldean Noe Lopez atxilotu zuten Barañainen. Polizia iturriek kale erasoekin eta joan den astean Barañainen egindako atxiloketekin lotzen dituzte bost gazteak.
Baliteke lau horiek etzi hartzea epaileak. Nafarroan izandako kale eraso "ugaritan" parte hartzea leporatzen diete Lopez Iborrari eta besteei.
Noe Lopez antsietate krisiarekin erietxera eraman behar izan dute bart, eta gaur goizean Askatasunak esan duenez, bertan segitzen du. "Lekukoek adierazi dutenez, gaztea dardar betean eraman zuten, eta anbulantzia ekarri behar izan zuten ospitalizatu zezaten", dio Askatasunak. Iruñeko guardia epaitegiko mediku forentseak Lopez bisitatu zuen ordu batzuk beranduago, baina farmakoek ez zuten lortu atxilotuak onera egitea. "Ondorioz, adierazi zuen gazteak egoera hartan ezinezkoa zuela Guardia Zibilaren ziegetan segitzea. Gazteak obserbazio egoeran segi zezan eskatu zuen medikuak".
Hain zuzen ere, aurreko asteburuan hasitako sarekadarekin lotu dituzte lau atxiloketa horiek. Asteburu honetan zortzi, Xabier Sagardoi eta Luis Goñi atxilotu zituzten Barañainen eta beste bizpahiru lagunen bila ere joan dira Barañainen eta Iruñean. Lau egunez Guardia Zibilaren esku egon ondoren inkomunikatuta deklaratu zuten epailearen aurrean Sagardoik eta Goñik, eta biak baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen Grande Marlaskak, Segikoak eta, ondorioz, "erakunde terroristako" kideak izatea egotzita. Halaber, kale erasoak leporatzen dizkiete. Bi gazteek torturak salatu dituzte.
Atxiloketak
Bost dira asteburuan Nafarroan atxilotu dituzten gazteak, eta epaileak gaur kartzelara bidali du haietako bat
Alberto Lopez Iborra ostiralean atxilotu zuen Guardia Zibilak, baina gaur eman du horren berri; hura sartu du espetxean Grande Marlaskak. Gainerako lauretatik hiruk inkomunikatuta jarraitzen dute, eta epaileak etzi hartuko ditu. Noe Lopezek erietxean jarraitzen du atzo antsietate krisi bat izan ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu