Osasuna

Bost gaixotasun gehiago antzemango dituzte orpoaren probarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Jaioberriei egiten zaien behaketa programa datorren astelehenetik aurrera ezarriko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak EAEko ospitale publiko eta pribatuetan.

Jon Rejado.
2014ko otsailaren 10a
18:38
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jaioberrientzako baheketa programa zabalduko du datorren astelehenetik aurrera. Orpoaren proba esaten zaionaren bitartez sortzetiko bost gaixotasun gehiago antzemateko aukera egongo da: homozistinuria, astigar xarabearen gaixotasuna, 1. motako azidotasun glutamikoa, azidemia isobalerikoa eta kate luzeko gantz-azidoen Acil CoA deshidrogenatuaren eskasia.

Gaixotasun horiek arraroak dira, eta ezin dira sendatu. Ordea, goiz antzemanez gero umearen bizi kalitatea asko hobetu daitekeela azaldu du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, baita garapen egokiagoa ahalbideratu ere. Urtean 21.000 haurren gurasoei eskainiko zaie aukera hori; hain zuzen ere, proba hori egiteko ezinbestekoa da gurasoen oniritzia.

48 ordu bete ondoren jaioberriaren orpoan egindako ziztada bat egitean datza proba. Bertatik odol lagin bat ateratzen dute osasun profesionalek, eta Bizkaiko Osasun Publikoko Laborategian aztertu. Emaitza positiboa balitz bigarren analisi bat egingo lukete, eta gurasoekin harremanetan jarri.

Proba 1982. urtean egiten ezarri zen EAEko Osasun Sistema Publikoan, eta ordutik 597.184 jaioberriei egin zaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.