Hamazazpi auziperatuetatik bostek deklaratu dute gaurko saioan. Epaiketara ez aurkeztea erabaki duten hirurak Errenterian egon dira egun osoan zehar, 300 bat lagunek babesturik. Ertzaintzak 20:00ak aldera atxilotu ditu. Eguardian egin dute atxilotzeko lehenego saiakera, baina gazteak Foru plazako kioskora igota zeuden eta ertzainak joan egin dira. Madrilen dauden gainontzeko auzipetuek ere elkartasuna agertu diete hiru gazteei.
Epaiketa berandu hasi da ordu eta erdi inguruko atzerapenarekin. Oiartzualdeko 17 auzipetuetatik 14 joan dira Audientzia Nazionalera, senideek eta lagunek lagunduta. Guztira, 40 pertsona inguru. Hasieran sartzeko arazoak izan dituzte, baina azkenean epaiketara sartu ahal izan dute, ikusle gisa.
Epaileak falta ziren hiru gazteengatik galdetu du eta egoera azalduta, defentsak epaiketa atzeratzeko eskatu du, gazte guztiak batera epaitu ditzaten. Ez dute onartu eta epaiketa hasi dute. Bostek deklaratu dute: Xabier Lujanbiok; Haizea Iriartek; Beñat Burladak, Jon Aitor Alberdik eta Iosu Arruabarrenak. Guztira hiru ordu pasatxoko saioa izan da.
Gazteek ukatu egin dituzte atxilotze unean egindako deklarazio polizialak, eta, halaber, jasandako tratu txarrak nabarmendu eta salatu dituzte.