Bost gradu artean berotuko dira tenperaturak mende amaieran

Hegoalderako egindako proiekzio baten arabera, tenperaturak igo eta prezipitazioak gutxitu egingo dira

inaki petxarroman
Donostia
2010eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Gehieneko tenperaturak bi gradu eta erdi eta bost gradu artean igoko dira Hego Euskal Herrian mende amaieran, Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET) egindako proiekzio baten arabera. Klima Aldaketaren gaineko Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) mundurako 2007an egindako proiekzioa Iberiako Penintsularako egokitu du Espainiako Meteorologia Agentziak, bigarren aldiz. Proiekzioaren emaitzak beteko balira, ondorioak hauek izango lirateke, Espainiako Gobernuko Klima Aldaketarako estatu idazkari Teresa Riberaren arabera: «Gure inguruneak ez luke zerikusirik ezagutzen dugunarekin. Ekosistemetan aldaketa handiak gertatuko lirateke, eta jarduera ekonomikoetan ere eragina izango luke. Eski estazioek aldaketa zorrotza pairatuko lukete, eta egun ditugun ur baliabideek ere eragina jasango lukete».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako egindako proiekzioaren arabera, gehieneko tenperatura bi gradu eta erdi eta lau gradu artean igoko dira mende amaieran. Gutxienekoa, berriz, bi gradu eta erdi eta lau gradu eta erdi artean igoko da. Nafarroan, berriz, hiru eta bost gradu artean berotuko dira gehieneko tenperaturak mende amaierarako; eta, gutxienekoak, bi eta lau artean.

Tenperaturak igotzeaz gain, euri gutxiago egingo du. Hipotesi ezkorrenen arabera, %20 prezipitazio gutxiago izango da Hego Euskal Herrian. Hipotesi baikorrenak beteko balira, ordea, egoera ez litzateke hainbeste aldatuko: %5 prezipitazio gutxiago izango litzateke.

AEMETen azterketaren arabera, 2050erako ez da aldaketa handirik gertatuko prezipitazioetan, baina handik mende amaierarako askoz ere nabarmenagoa izango da prezipitazio gutxiago izateko joera.

Berriki Azti-Tecnaliak azterketa bat ezagutarazi du, eta klima aldaketak kostaldean izango duen eragin handia utzi du agerian. Besteak beste, mende amaierarako itsas maila 50 zentimetro bitarte handituko dela jakinarazi du Aztik, eta 111 hektareako kostalde zatiari eragingo dio horrek. Besteak beste, hondartzek egungo zabalera osoaren %25 eta 40 bitartean galduko lukete, azterketa horren arabera.

Gasen isurketa da gakoa

Espainiako Gobernuaren eta AEMETen ordezkariek atzo aurkeztu zituzten proiekzioaren emaitzak eta ondorioak, Madrilen. Teresa Riberak adierazi zuenez, egoerak badu konponbiderik, baldin eta klima aldaketa eragiten duten gasen isurketak murrizten badira. Ricardo Garcia AEMETeko lehendakariak modu grafikoan azaldu zuen egoera, Espainiako bi hiri aipatuz: «Ezer egiten ez badugu, mende amaierako Madrilgo tenperatura Sevillakoa bezalakoa izango da».

Teresa Riberaren iritziz, klima aldaketari aurre egiteko modurik onena isurketak murriztea da, eta, helburu hori lortzeko, teknologia egokitzeko prozesua zabaldu behar dela iritzi dio: «Lehiakortasunaren lasterketa irabaziko dute teknologia berderik onenak erabiliko dituztenek. Europako Kontseiluak erabaki du %30 murriztea gasen isurketa. Falta da berrestea noiz den unea urrats hori egiteko». Hain zuzen ere, zientzialariek aipatu dituzten arriskuak ez betetzeko neurriak hartu behar direla esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.