Bost helburu eta beste horrenbeste printzipio zehaztu dituzte akordioaren sinatzaileek. Hona hemen itunaren zati batzuk, hitzez hitz:
Helburuak
•Euskal Herria nazio burujabea Europan. [...] Herrien eskubideak eta herrien burujabetza aldarrikatu eta bideratuko duen Europa sozialaren aldeko hautua egiten dugu. [...] Herrien Europaren alde jardunez, gaur egungo Europa neoliberal eta zentralistaren aurrean, herrien burujabetza, eta erabakitze eskubidea lehenetsiko duen proiektu alternatiboa lehenetsiz eta eraikiz.
Euskal Herria, munduan eta Europan kokatzen den nazioa dela izenez eta izatez aldarrikatzen dugu. [...]
•Bakea eta eskubide zibil eta politikoen lorpena. Gatazka politikoa eta indarkeria gaindituak ikusi nahi ditugu Euskal Herrian, eta horretarako Gernikako Akordioa eta Aieteko Bake Konferentziako ondorioak ditugu oinarri eta ibilbide orri. Elkarrizketa eta akordioa izan behar dira prozesu guztiaren funtsa, baina salbuespenik gabeko elkarrizketa [...]. Erakundeetatik haratago, Euskal Herriko lurralde guziak kontutan izanez, gaur egungo marko juridikoa gaindituz. [...]
Estatu espainiarreko eta frantziarreko gobernuek ezin dute denbora gehiago iraun Aieteko ondorioei erantzun gabe. Ezin duten bezala jarraitu pertsonen eskubide guztiak, eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten salbuespeneko legedi zein jokabideekin. Premiazkoa da gobernu Frantziar eta Espainiarrak espetxe politika erro errotik aldatzea [...].
Beharrezkoa den bezala biktima guztiak aitortzea eta erreparatzea. [...] Baita normalizazio politikoan ere, indar politiko eta eragile politiko guztien legalizazioa bermatuz. Indarkeria mota guztiak desagertuak izan daitezen.
Bide horretan lehendabiziko bultzapena indar politikoek eman beharko genioke elkarrizketari, lehentasunez, euskal erakunde eta muga administratibo politikoen gainetik, euskal herritar guztiei begira eta irekia.
•Eredu ekonomiko burujabea, bidezkoa eta ekologikoa. [...] Sistemaren baitan aldaketak bideratzea baino haratago, sistema beraren gainditzearen helburuz lan egingo dugu, bideragarriak diren alternatiben eraikuntzan oinarrituz. Ekonomia, eskubideak ahalbidetu eta betetzeko tresna gisa ulertuz eta ez alderantziz [...].
Burujabetza ekonomikoa defendatzen dugu eredu bidezko eta ekologiko bat helburu.
•Euskal Herriaren eraikuntza. Gure herria zatitua duen marko juridikoa gainditu eta garai berrietara egokitutako estrategia definitzera behartuak gaude [...]. Gaurko errealitatetik abiatuta, Zazpiak Bat gure proiektu estrategikoa urratsez urrats gauzatzen hasteko engaiamendua hartzen dugu; gure iparrorratza Euskal Herriaren naziotasuna eta lurraldetasunaren defentsa izanik.
•Euskararen ofizialtasuna eta normalkuntza. Euskara eta euskal kultura Euskal Herriaren identitate ikur nagusiak dira, eta giza eskubidea den aldetik eta hizkuntza eskubideak defendatzen ditugunez, legalki eta sozialki euskara hizkuntza gutxituen esparruan zokoratua dagoela salatzen dugu. Eta egoera hori konpondu beharra dagoela adierazten dugu. Beraz, Euskal Herriko eremu guztietan euskararen aitortza, ofizialtasuna eta normalkuntza aldarrikatzen dugu. Bizitzako esparru guztietan askatasunez eta normaltasunez erabiltzeko, behar diren legedi eta araudiak sustatuz eta garatuz. [...].
Printzipioak
•Giza eskubideak. Erabakitze eskubidea. [...] Eskubide guztiak, guztiontzat defendatzen ditugu, eta haiek errespetatzeko aldarria egiten dugu. Pertsona, kolektibo, herri guztientzat eskubide guztiak.[...]. Alde batetik, herri bezala, ukatua izan zaigun erabakitze eskubidea; bestetik, urteetan sufritutako gatazka politikoaren ondorioz jasandako eskubideen urraketa guziak [...]. Herritar askez osaturiko Euskal Herria eraikitzeko, salbuespenik gabeko elkarrizketa bideratzen ahaleginduko gara, gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalekin, autodeterminazio bidean urratsak emateko.
•Aniztasun demokratikoa. [...] Errespetuan eta elkartasun baloreetan oinarritutako jendartearen aldeko apustua egiten dugu. Genero, etnia, sinesmen, sexu joera, jatorri, kultura
eta hizkuntzen gainetik.
•Parekidetasuna. [...] Euskal herri normalizatua lortze aldera, berau osatzen eta gauzatzen duten emakume eta gizonen arteko parekidetasun erreala lehenesten dugu.
•Demokrazia printzipioaren defentsa. [...] Bultzatuko ditugun ekimenetan, edo eskuratu ditzakegun botere / erabaki-guneetan, herritarren parte hartzea eta erabakietan demokrazia zuzena gauzatzea ahalbidetu dituzten neurriak eta tresnak indarrean ezartzeko engaiamendua hartzen dugu.
•Internazionalismoa. [...] Nazioarte mailako elkartasun ekimen eraginkorrak eta mundu mailako esparru alternatiboak garatzeko engaiamendua hartzen dugu, Europatik hasiz eta gainerako nazioarteko eremuetara zabalduz.
Akordioa
Bost helburu eta bost printzipio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu