Bost herritarretik batek ez du etxeko lanik egiten EAEn, Eustaten arabera

Emakumeek hiru ordu eta 31 minutu pasatzen dituzte etxeko lanak egiten egunero; gizonezkoek, aldiz, ordubete eta 16 minutu

Erredakzioa
2004ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 16 urtetik gorako gizonezkoek ordubete eta hamasei minutu pasatzen dituzte batez beste egunean etxeko lanak egiten; emakumeek, aldiz, hiru ordu eta 31 minutu. Bost lagunetik batek dio ez duela etxeko lanik egiten. Horixe da Eustat Euskal Estatistika Erakundeak atzo aurkeztu zuen Denbora Aurrekontuen Inkesta 2003 azterketaren ondorio nagusienetakoa.Eustatek bost urtetik behin egiten du inkesta. «Familian bizi diren» Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 16 urtetik gorako bost mila laguni galdetzen die nola antolatzen duten astea, egunero zer egiten duten. Eustatek atzo aurkeztu zituen iazko datuak.

Araba, Gizpuzkoa eta Bizkaiko biztanleen bostetik batek ordubete eta 46 minutu pasatzen ditu etxeko norbait zaintzen. Emakumeek bi ordu pasatzen dituzte batez beste egunero eta gizonezkoek, berriz, ordubete eta 22 minutu. 1998ko emaitzekin alderatuz gero, 15 minutu gutxitu da egunero adineko pertsonak zaintzen pasatzen den denbora.Eustaten azterketak bi aisialdi mota bereiztu ditu. Alde batetik, «aisialdi pasiboa», hau da, komunikabideak jarraitzea edo ikuskizunak ikustea. Herritarrek batez beste bi ordu eta 39 minutu pasatzen dituzte aisialdi pasiboan, duela bost urte baino 15 minutu gutxiago. Bestetik, «aisialdi aktiboa, kirola egitea edo Interneten nabigatzea. Herritarrek batez beste zazpi minutu erabiltzen dituzte egunero Interneten nabigatzeko edo tresna informatikoak erabiltzeko. Aisialdiari dagokionez, Eustaten galdetegia erantzun dutenen laurdenek (%26,7k) diote batez beste ordubete eta 11 minutu pasatzen dituztela egunero atseden hartzen, pentsatzen edo ezer egin gabe egoten, orain dela bost urte baino 19 minutu gehiago.Denbora gehien lotan pasatzen da, zortzi ordu eta 45 minutu egunero.Besteekin solasean aritzen direnek duela bost urte baino 14 minutu gehiago pasatzen dituzte horretan, telefonoz batez ere: egunero ordubete eta 15 minutu lagunekin hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.