Iruñeko Epaitegiko epaile batek jakinarazi du bost lagun epaitu egingo dituztela Yamiled Giraldoren hilketarekin lotuta. Uztailaren hasieran Nafarroan eta Tenerifen (Kanariar Uharteak, Espainia) hamasei pertsona atzeman zituzten, eta haietatik bost kartzelatzea erabaki zuen epaileak handik egun gutxira. Bost horiek auzipetu ditu orain.
Bi laguni hilketa egitea leporatu die -eta horregatik zortzi mila euro jaso zituztela-, eta hiruri hilketa egitera bultzatzea. Ustez hilketa agindu zutenen artean dago Jose Lareo Lopez, Giraldo eta beste bi emakume bortxatzeagatik eta prostituzioan jardutera behartzeagatik espetxeratuta zegoen gizona.
Yamiled Giraldo (33 urte, Kolonbia) iragan apirilaren 25ean hil zuten, tiroz, Cordovillan (Nafarroa), hamalau urteko semearen aurrean. Epaileak azaldu du semea ere hiltzen saiatu zirela.
Hasieratik mendeku zantzuak hartu zituen Foruzaingoak, sexu esplotaziorako emakumeen salerosketaren biktima baitzen hura. 2001ean Kolonbiatik engainatuta ekarri, eta Sunbillako klub batean (Nafarroa) prostituzioan jardutera derrigortzen zuen gizonaren aurkako salaketa jarri zuen, beste bi andrerekin batera. 2004an hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak klubaren jabeari, Jose Lareori.
Etxez etxe estetizista gisa lan egiten zuen Giraldok. Iturenen (Nafarroa) bizi zen, eta apirilaren 25ean Cordovillara lanera joateko enkargu faltsua jaso zuen. Horretarako egindako telefono deiak "oso garrantzitsuak" izan dira ikerketan.
emakumeen aurkako indarkeria
Bost lagun epaituko dituzte Yamiled Giraldoren hilketagatik
Apirilean hil zuten 33 urteko emakumea Cordovillan, tiroz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu