Poliziak bost lagun atxilotu zituen herenegun gauean Bilbon, Portugaleten (Bizkaia) eta Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia), «oso lapur talde arriskutsu» bateko kideak direlakoan. Halaber, 2010ean Cambrilsen (Herrialde Katalanak) lapurreta batean banku bateko langile bat hil izana egotzi diete atxilotuei. Aurreneko aldiz, operazioa Ertzaintzak, Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Mossos d'Esquadrak elkarrekin egin dute.
Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek atzo adierazi zuenez, atxiloketei esker «Espainiako lapur organizazio nagusia» desegin dute, eta Estela Calduch Cambrilsko banku langilearen ustezko hiltzailea ere atzeman dute. Bilbon hiru etxe eta jatetxe bat miatu dituzte, eta etxe bat Portugaleten eta beste bat Castro Urdialesen. Taldea «arrisku handikoa» dela diote poliziek, eta 50 bat lapurreta egozten dizkiote.
Aresek azaldutakoaren arabera, Cambrilsko lapurretaren eta hilketaren ostean hainbat aztarna jaso zituzten, eta haiei esker ondorioztatu ahal izan zuten egileak hainbat lapurreta egindako talde bateko kideak izan zitezkeela. Lapurreta horietako batzuk Euskal Herrian gertatutakoak ziren, eta beste batzuk Galizian eta Espainia iparraldean. Zabaldutako informazioaren arabera, mozorrotuta eta armatuta sartzen ziren banketxeetan.
Azken hilabeteotan koordinatuta egin dute lan Ertzaintzako, Espainiako Poliziako, Guardia Zibileko eta Mossos d'Esquadrako kideek eta, denborarekin, «bandako kide nagusiak» identifikatu dituzte, «horien artean Estela Calduchen bizitzarekin amaitu zuen tiroaren egilea». Berri agentziek zabaldu dutenez, tiroaren ustezko egilea, 49 urteko gizon bat, Castro Urdialesen atzeman zuten, eta poliziek 23 lapurretetan parte hartu izana leporatzen diote.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, operazioa oraindik zabalik dago. Dena dela, Aresek adierazi zuen bost atxilotuek lapur taldearen oinarria osatzen zutela dagoeneko espetxean dauden beste bi kiderekin batera.
Cornisa izeneko operazioa Reuseko (Herrialde Katalanak) Instrukzioko 3. Epaitegiak koordinatu du, Calduchen heriotzaren ondoren, hark hartu zuelako bere gain auzia.
Bost «lapur arriskutsu» atxilotu dituzte
Herrialde Katalanetan joan den urtean izandako hilketa bat leporatzen diete, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu