Elkarrizketa azalera eraman du Madrilgo egunkariak, aitorpenaren titularrarekin. Morcillok kontatzen du nola hil zuen Herri Batasunako parlamentaria bere kontsultan: "Kontsultatik atera zenean bi tiro eman nizkion, eta lurrean hil nuen. Korrika atera nintzen Lopez Ocañarekin eta pistola eskaileratan utzi nuen".
Morcilloren adierazi duenez, agindua Masak eman zion. Horrek kontatu zionez nagusiak eskatu zion hori egiteko, eta egin ezean bota egingo zutela azaldu zion Masak Morcillori. "Bere nagusia ziurrenik Sancristobal zen, zeinekin lan egiten zuen Barne Ministerioan". Aitortu duenez, 7,5 milioi pezeta jaso zituen HBko militante zena hiltzeagatik, eta horietatik 2,5 milioi Rafael Lopez Ocañari eman behar zizkion: "Gerora jakin nuen Brouard hiltzeko 25 milioi pezeta bideratu zirela, baina nik soilik bost jaso nituen".
Elkarrizketan Morcillok dio damututa dagoela eta barkamena eskatu nahi diola familiari. "Nik tiro egin nuen soilik; bestea besteek egin zuten".
1984ko azaroaren 20an hil zuten Brouard, Bilbon, bere kontsultan. Iragan otsailean El Correo kazetak argitaratu zuenez, Jose Amedo GALeko kideak salaketa bat jarri zuen Morcilloren aurka, eta grabaketa bat aurkeztu zuen froga gisara. Grabaketa horretan, Morcillok aitortu zuen berak egin ziola tiro Brouardi. Salaketa horren ondorioz, Bilboko epaile batek berriro zabaldu du Santi Brouarden hilketaren auzia. Brouarden familiak uste du Amedo onuren bila ari zela, BERRIAri azaldu zionez. Morcillok bihar deklaratuko du epailearen aurrean, baina ezin izango dute epaitu; auzi horregatik epaitua izan zen, eta Non bis in idem zuzenbideko printzipioaren arabera, pertsona bat ezin da bi aldiz epaitua izan auzi bera dela eta.