Ertzaintzak bost pertsona atxilotu zituen, atzo, Santurtzin (Bizkaia), adingabeak galbidean jartzea eta prostituzio delitu bat leporatuta. Atxilotuetako hiru 63, 70 eta 78 urteko gizonezkoak dira, eta, Ertzaintzaren arabera, ukituak egiten zizkieten bi neska adingaberi —haur bat eta nerabe bat— diru kopuru txikien truke. Beste bi atxilotuak nesken gurasoak dira, 38 urteko gizonezkoa eta 33 urteko emakumea, eta prostituzio eta adingabeak galbidean jartzea delituak egotzi dizkiete, bi neskatilak diruaren truke eskaintzeagatik.
Ertzaintzak otsailaren erdialdean hasi zuen ikerketa, adineko gizon batzuek adingabe batzuekin zituzten sexu harremanen berri izan zuenean. Ikerketaren arabera, ume batek eta nerabe batek beren burua eskaini zieten 60 urtetik gora zituzten gizon batzuei, diruaren truke laztanak eta ukituak egiteko. Ertzaintzaren arabera, bi adingabeen gurasoak gertatzen ari zenaren jakitun ziren.
Herrizaingo Sailak jakinarazi du adingabeak eta gizonak Santurtziko parke batean jartzen zirela harremanetan, eta ondoren ostalaritza zentroetara joaten zirela. Han zerbait hartzen zuten bitartean, gizonek ukituak egiten zizkieten bi adingabeei. Horren berri izanda, ertzainek zainketa operazio bat jarri zuten martxan, eta ustezko delitua egiaztatu zuten, Herrizaingo Sailak adierazi duenez.
Atxilotuak gaur jarriko dituzte epailearen aurrean, eta umea nahiz nerabea adingabeen abegi-zentro batera eraman dituzte.
Alkatearen «nazka»
Bestalde, Ricardo Ituarte Santurtziko alkateak, komunikabideetara igorritako ohar baten bidez, adierazi du ustezko prostituzio eta galbideratze delituak «ekintza nazkagarriak» direla. Santurtzin gertatutakoarekin, «atsekabetuta» agertu da Ituarte, eta Justiziaren erabakia «sendoa» izatea eskatu du: «Orain gauza bakarra espero dugu. Delitu ekintza higuingarri hauen ustezko egileen kontra irmo joka dezala justiziak».
Bost pertsona atxilotu dituzte bi adingabe prostituitzea leporatuta
Ertzaintzak nesken gurasoak atzeman ditu, adingabeak galbidean jartzea eta prostituzio delitua egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu