euskal presoak

Bost urteko kartzela ETAren negoziazio taldeko kide ohi bati

Frantziako Justiziak zigorra jarri dio Juan Carlos Iurrebasori. 2007an atzeman zuten, erakunde armatua eta Espainiako Gobernua hizketan ari ziren garaian.

2011ko irailaren 30a
20:23
Entzun

Frantziako Justiziak bost urteko kartzela jarri dio gaur Juan Carlos Iurrebasori, ETAkoa dela egotzita. 2007ko martxoaren 28an atxilotu zuten, Perigueux, Poliziaren errepide kontrol batean. 

Iurrebasok berak epaiketan —joan den irailaren 1ean bukatu zen— berretsi zuen atzeman zutenean ETAren negoziazio taldeko kide zela, Espainiako Gobernuarekin negoziazio betean zeudela orduan, eta hitzartuta zeukatela negoziazio garaian atxiloketarik ez egitea. Frantziako Poliziak kontrolen batean-edo negoziazio taldekoak atxilotzen bazituen libre utziko zituztela ere hitzartua zuten, Iurrebasoren arabera. Hark zioenez, Kepa Mirena Suarezekin batera atxilotu zutenean, horregatik zeuzkaten Espainiako eta Frantziako polizietako bina goi kargudunen telefono zenbakiak. Hala ere, ez zituzten aske laga.

Iraileko auzi saioan epaileak berretsi egin zuen telefono horien gainean egindako ikerketek argitu zutela zenbakiak Espainiako eta Frantziako Barne ministerioetakoak zirela.

2006an hasi eta 2007an jarraitu zuten negoziazio aldirako, gutxieneko batzuk hitzartu zituzten Espainiako Gobernuak eta ETAk, erakunde armatuaren bertsioaren arabera. 

Iurrebaso iazko irailetik baldintzapeko askatasunean dago, bihotzeko arazoengatik.

Frantziako auzitegiak Suarezi ere bost urteko espetxe zigorra jarri dio.

Aitor Elizarani, berriz, hiru urteko kartzela, Igor Suberbiolari bi urte eta erdikoa, Jon Salaberriari ere bi urte eta erdikoa eta Iratxe Sorzabali hirukoa, ETAren talde politikoko kidetzat jota. Sorzabal ez beste denak preso dauzkate.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.