Azken urteetan galdutako botere instituzionala berreskuratzea izango da aurrera begira EAJk bere buruari jarriko dion erronka nagusia eta lehentasuna. Alderdi jeltzalearen ibilbide politikoa gidatuko duen proiektu politikoa eguneratuko dute EAJko kideek datorren astean, Barakaldon egingo duten Batzar Nagusian. ETAren jardun armatuaren amaierak ekarri duen egoera politiko berrian kokatzea eta krisialdi ekonomikoari eman beharreko erantzunak markatuko dute datozen lau urteetarako EAJren estrategia politikoa, Belen Greaves EBBko idazkariak adierazi duenez.
Greavesek eman dituen azalpenen arabera, lau urratsetan laburbil daitezke datozen urteei begira EAJk zehaztu duen proiektu estrategikoaren nondik norakoak. Eskubide historikoak eguneratzea, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea, herritarren parte hartzea sustatzea eta lanaren eta ekonomiaren garapenerako akordio zabalak lortzea. EAJko zuzendaritzako kideak azaldu duenez, lidergo instituzionala berreskuratu nahi du alderdi jeltzaleak, alor horiek gidatu eta kudeatu ahal izateko.
Bilbon eginiko prentsaurreko batean aurkeztu du datorren asteko Batzar Nagusia Greavesek. Urtarrilaren 14an eta 15ean bilduko dira EAJko kideak, Barakaldoko BEC erakustazokan. Estrategia politiko berria onartuko dute han, eta EAJren Euzkadi Buru Batzarra osatuko duten zortzi kideak eta presidentea aukeratuko dituzte.
Iñigo Urkullu izendatuko dute berriz ere EAJren EBBko presidente, bera izan baita kargurako aurkeztu den hautagai bakarra. Zuzendaritzako beste zortzi kideak nortzuk izango diren ez dago oraindik zehaztuta. Lurralde batzarrek zortzina hautagai aurkeztu dituzte, eta adostasun batera iristeko negoziazioek aurrera jarraitzen dute. Gaur egun EAJren EBB Bizkaiko bost kidek, Gipuzkoako bik eta Arabako batek osatzen dute. Aurkeztu diren zerrenden arabera, gerta liteke Gipuzkoak ordezkari bat galtzea, Arabaren mesedetan.
Datorren asteko batzarrean, baina, ez da amaituko EAJren zuzendaritza berritzeko prozesua. EBB berritzeko prozesuarekin batera, lurralde batzarrak berrituko dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Prozesu hori apirilean amaitzea espero dute alderdiko kideek; ondoren osatuko da EBB: presidenteari eta zortzi kideei batuko zaizkie lurralde batzarretako bost presidenteak.
Era berean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lehendakarigai nor izango den aukeratu beharko dute datozen hilabeteetan. Datorren urtean dira egitekoak bozak, baina gerta liteke aurtengo udazkenerako aurreratzea.
Mapa politiko berria
Uribatzarretatik hasi eta lurraldetako batzarretara zabaldu den sei hilabeteko barne eztabaidaren ostean egingo dute jeltzaleek alderdiaren VI. Batzar Nagusia.
Alderdiko kideek zuzendaritzak igorritako bi txosten izan dituzte eztabaidagai: Euskadi, Nazioa Europan eta Geroa Lantzen. Lehenengoan, beste estatus politiko bat lortzeko zirriborroa marraztu du alderdiko zuzendaritzak. Eta, bigarrenean, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko proposamenak bildu ditu.
Horrekin batera, alderdiaren estatutuak berritzeko proposamena ere helarazi die zuzendaritzak militanteei. Hiru txostenak eta haien gainean aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte Batzar Nagusian.
Eztabaidagai izan diren txostenetan islatzen den moduan, azken urteetan galdutako lidergo instituzionalak kezkatzen ditu jeltzaleak, eta hori berreskuratzea jarri dute «lehentasun» gisa.«Epe laburreko helburu gisa, EAJk Euskadi elkarte autonomoaren lidergo instituzionala berreskuratu nahi du. Lehentasuna da, beraz, hori ahalbidetzen duen sostengu herritarra, soziala eta politikoa izatea», dio zuzendaritzak militanteei banatutako txostenean.
Txosten horietan, egungo EBBk aitortu egiten du mapa politiko berrian pisu instituzionala —«hegemonia»— galdu egin duela alderdiak. Arrazoien artean nabarmendu ditu PSE eta PPren arteko ituna dela-eta Eusko Jaurlaritzatik kanporatu izana eta ezker abertzalearen inguruan berregituratzen ari den sektore politikoa hartzen ari den indarra. «Egoera berri honek erantzun berriak exijitzen ditu», ondorioztatu du alderdi jeltzaleko buruzagitzak.
Itun bateratzailea
Alor horretan aurrera egiteko estrategia Euskadi, Nazioa Europan deituriko txostenean zehaztu du EAJk. Euskal nazioa egituratzeko bidean, beste estatus politiko bat lortzearen aldeko apustua egiten du EBBk. Zuzendaritzaren arabera, ETAren jardun armatuaren amaierak euskal herritarren borondate politikoaren gaurkotze bat ekarri behar du, eta hori «ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordio zabalen» bidez gauzatu behar da, formulazio juridiko-politiko berria ekarriz. «Bilatzen ari garen akordioa bateratzailea izango da; bestela, ez da izango. Herritarren gehiengoak berresten duena izango da, bestela ez du argia ikusiko».
Akordio bateratzaileen aldeko apustua egiten badu ere, EAJren ustez, berari dagokio «Euskadi indartzeko lidergo estrategikoa garatzea», akordio berri hori, «erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzen duen akordioa», lortzeko asmoz. «EAJk lidergo estrategikoa izango du Euskadi indartzeko, akordio berri baten alde eginez. Erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzen duen akordioa», dio txostenean.
EAJk akordio hori erdiesteko lidergoa bere gain hartu nahi du. Hala ere, ez du zehazten helburu horretara iristeko bidea zein den, ezta lurralde bakoitzean izan dezakeen garapena zein den ere.
Txosten politikoaz gain, proposamen sektorialak biltzen dituen txosten bat banatu dute militanteen artean. Eta horrekin batera alderdiaren estatutuak berritzeko hainbat proposamen jasotzen dituen beste bat. Horiek guztiak eztabaidatuko dituzte datorren asteko Batzar Nagusian.
EAJ. VI. Batzar Nagusia
Botere instituzionala berreskuratzea izango da EAJren «lehentasuna»
Hurrengo urteetarako estrategia zehaztuko du alderdi jeltzaleak hilaren 14an eta 15ean Barakaldon egingo duen Batzar NagusianETAren jardunaren amaierak auzi politikoa konpontzeko aukera ekarri duela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu