autogobernua

Botere publikoen eta erregimen ekonomikoaren atalak, adostuta

EAJk eta EH Bilduk adostu dituzte bi kapituluak. Hurrengo eztabaidagaia eskubide eta askatasunei buruzkoa izango da, eta espero dute datorren astean edo hurrengoan ixtea estatus politikoaren oinarriei buruzko eztabaida.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen joan den asteko bilera. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2018ko ekainaren 27a
10:56
Entzun

Hitzaurrea, Atariko Titulua eta eskumenei buruzkoa adostu ostean, botere publikoen eta erregimen ekonomikoaren kapituluetan ere ados jarri dira EAJ eta EH Bildu.

Botere legegileaz, betearazleaz eta judizialaz gain, "botere herritarraren" kontzeptua ere txertatu dutela azpimarratu du Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak: "Uste dugu gainditu egin behar dela gobernuaren eta herritarren arteko harreman klasikoa, zeinaren arabera erabaki guztiak gobernuaren esku geratzen baitira". 

Hala ere, legebiltzarreko bi indar politiko nagusiak ez dira guztiz bat etorri. Jeltzaleek justizia administrazio "propioa" sortzea proposatu dute, baina Espainiako Auzitegi Gorenaren esku utzita zenbait gaietan doktrina bateratzeko gaitasuna. Aldiz, EH Bilduk baztertu egin du Espainiako sistema judizialarekiko "mendetasuna", eta boto partikularra aurkeztu du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politikoaren oinarriak adosten ari da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea, eta, gaurko bileran, bi atali buruzko eztabaida itxi dute. Orain arte asteazkenero batzartzen ari dira, baina datorren astean bi bilera egingo dituzte, oinarriei buruzko eztabaida datorren asterako ixteko; beranduenera, uztailaren 8tik 15eko asterako.

Hurrengo eztabaidagaia eskubide eta askatasunei buruzkoa izango da, eta Elkarrekin Podemosek sintesi dokumentua aurkeztu du gaurko bileran. EAJk prestatuko ditu estatusaren erreformari, nazioarteko harremanei eta xedapen gehigarriari buruzkoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.