gizartea

Botikak berriz ordaintzeak pentsiorik baxuena dutenak zigortzen dituela salatu dute

Nafarroako Pentsiodunak Martxan plataformak osasun sistema propioa, doakoa eta unibertsala eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

edurne elizondo
2013ko otsailaren 27a
15:18
Entzun

Gutxien duenak, gehiago ordaindu behar du. Horixe nabarmendu du Pentsiodunak Martxan Nafarroako plataformak, botikak berriz ordaindu behar izateak pentsiodunen errentetan duen eragina aztertu eta gero. Osasunbideko lehen mailako arretako eta botiken arloko profesionalekin batera egin dute azterketa, eta ondorioak jendaurrean aurkeztu dituzte, Iruñeko Vianako Printzea Espezialitateen Zentroaren aurrean. Agerraldia hasi bezain pronto, Foruzaingoa agertu da. Agerraldian bat egin duen jendearen argazkiak ateratzen aritu dira foruzainak, eta luzatuz gero, isuna jartzeko mehatxua egin diete plataformako kideei.

Txostena osatzeko, hiru gaixotasun eta hiru pentsio mota hartu dituzte kontuan. Alzheimerrak, bronkitisak eta istripu kardiobaskular arazotsuak eragiten dituzten gastuak aztertu dituzte, batetik, eta bertzetik, gastu horiei nola egiten dieten aurre 650 euroko pentsioa duten alargunek, bikotearekin bizi eta 1.048 euroko pentsioa dutenek, eta bikotearekin bizi, eta 1.700 euroko pentsioa dutenek, azkenik. Plataformako kideek nabarmendu dute Nafarroan batez besteko pentsioa 1.000 euro baino gutxiagokoa dela.

Aztertutako hiru pentsio motak kontuan hartuta, txostenak agerian uzten du 650 euro kobratzen duten alargunak direla gehiago jarri behar dutenak. "Pentsiorik apalena dutenek 2,5 aldiz gehiago ere ordaindu behar dute, bronkitis edo istripu kardiobaskularra dutenean", salatu du Juanjo Lautrek, plataformako ordezkariak. 650 euroko pentsioa duenak, adibidez, pentsio horren %1,02 ordaindu behar du istripu kardiobaskularra osatzeko botikengatik; 1.048 euro jasotzen duenak pentsioaren %0,63 ordaindu behar du, eta 1.700 kobratzen duenak, berriz, %0,39.

Botikak berriz ordaintzeak pentsiorik apalenak dituztenak zigortzen dituela salatu du plataformalo Maria Angeles Otsoak, eta gaineratu du gezurra dela sistema horrek botiken gastua murriztu duenik. "Botika gutxiago erosten da 417 sendagai finantzatzeari utzi diotelako. Neurri horrek, ordea, botiken industriari eta laborategiei baino ez die mesede egiten", erran du. Gaineratu du administrazioak ordaintzen dituen botiken zerrendatik atera diren sendagaien prezioak gora egin duela. "Botiken industria espekulatzen ari da".

Murrizketek herritarrek osasun arreta jasotzeko duten eskubideari kalte egiten diola salatu du plataformak, eta gero eta gehiago, errentaren esku gelditzen ari dela eskubide hori. "Murrizketek ezberdin bilakatzen ditu herritarrak gaixotasunen aurrean". Bikoteko bi kideak gaixotzen direnean, edo hainbat eritasun dutenean egoerak okerrera egiten duela erantsi du Lautrek. Ondorioz, Nafarroako Gobernuari eskaera zehatza egin dio Pentsiodunak Martxan plataformak: "Botikak berriz ordaintzeko agindua bertan behera utz dezala; osasunaren arloko aurrekontua handitu dezala; eta osasun sistema propioa, doakoa eta unibertsala jar dezala martxan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.